—"Zuk irmo gaitzesten al duzu ETAren indarkeria?", Angela Murillo epaimahaiburuak Arnaldo Otegi auzipetuari.
—"Ez dut erantzungo".
—"Ez didazu erantzungo, ezta? Oso ondo. Banekien. Eseri zaitezke".
—"[Atzeko aulkietara zihoala, Otegik] Nik ere banekien galdetuko zenuela".
2010eko urtarrilaren 27an gertatu zen hori (bideoan 0:24-0:34 tartean), Espainiako Auzitegi Nazionalean. Jose Mari Sagardui Gatza euskal presoaren omenaldian "terrorismoa goratzea" egotzita epaitu zituzten Otegi eta beste bi lagun, eta aurreneko saioan gertatu zen. Defentsak gero argudiatu zuen Murillok Otegirekiko aurreiritziak izan zituela eta, ondorioz, auzipetuaren eskubideak urratu zirela, epailearen inpartzialtasun ezagatik. Espainiako Auzitegi Gorenak 2011ko otsailean defentsari arrazoi eman, eta zigor epaia baliogabetu egin zuen. Murillo baztertu eta berriro egin zuten epaiketa, Javier Gomez Bermudez zela epaimahaiko presidente, eta absoluzioa jaso zuten auzipetuek.
2011ko ekainean eta uztailean Bateragune auziko epaiketan ere epaimahaiburu Murillo izan zen. Horretarako izendatu zutenean, defentsa saiatu zen Murillo izan ez zedin epaimahaiko burua, hura errefusatuta, baina ez zuen lortu; Auzitegi Nazionaleko 69ko areto bereziak argudiatu zuen Bateragunekoa beste auzi bat zela. Bederatzi epailek babestu zuten erabakia, eta kontrako iritzia agertu zuten bi epailek. Haietako batek —Javier Martinez Lazarok—, boto partikularra egin zuen publiko, Murilloren inpartzialtasuna zalantzan jarrita. Epaiketa egin zen, Auzitegi Nazionalak zigor epaia eman zuen, Gorenak berretsi egin zuen, eta Konstituzionalak iazko uztailean Gorenaren epaia berretsi zuenean, ebatzi zuen Murillo beste auzi batean oker aritu izanak ez zuela esan nahi epaileak aurreiritziak izan zituenik Bateraguneko epaiketan. Beraz, Konstituzionalaren arabera, akusatuak zigortzean ez ziren urratu inpartzialtasun judiziala eta errugabetasun presuntzioa.
Otegiren abokatu Jone Goirizelaiak berehala esan zuen Europara joko zuela, epaiketa prozesua berme denekin egin ez zelakoan. "Estrasburgoren arabera, epaile baten inpartzialtasunari buruzko zalantzak badaude, magistratu horiek abstenitu egin behar dute, edo kendu egin behar dituzte kargutik". Horrez gain, baziren beste zantzu batzuk auzia "politikoa" izan zela ulertzeko, Goirizelaiaren ustez.
Gaur (osteguna) Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Bateraguneko epaiketan Murilloren inpartzialtasuna egon zen ala ez aztertuko du, defentsak hala eskatuta. Hots, epaiketa berme denekin egin zen ala ez aztertuko du. 2010eko gertaera hura nolabait mahai gainean egongo da, beraz. Dena dela, ez da espero Estrasburgok auziaren beraren muina aztertzea erabakiko duenik, eta, Murilloren inpartzialtasunari buruzko helegiteaz defentsaren aldeko jarrera hartuko balitz ere, horrek ez luke esan nahiko Otegi libre geratuko litzatekeenik, Europak helegitea bera jorratzeari ekingo ziola baizik, eta Europako epaitegiaren behin betiko erabakia urtebete baino gehiagora helduko litzateke. Otegik 2016ko apirilean beteko du
Zigorrak
Auzitegi Nazionalak 2011ko irailean eman zuen Bateragune auziko zigor epaia, bost auzipetuak ETArekin lotuta. 2012an epaia berretsi egin zuen Gorenak, kartzela urteak pixka bat jaitsita: Otegiri eta Rafa Diezi sei urte eta erdiko kartzela, eta Miren Zabaletari, Arkaitz Rodriguezi eta Sonia Jacintori, seikoa. Konstituzionalak Gorenaren erabakia berretsi egin zuen, iazko uztailean. Zabaleta, Rodriguez eta Jacinto joan den urriaren 11n geratu ziren libre, zigorra osorik beteta. Otegi hurrengo urteko apirilaren hasieran da ateratzekoa espetxetik, eta Diez, handik hamazazpi hilabetera, aurretik baldintzapean aske egon zelako. 2009ko urrian atxilotu zituzten.