politika

Otegiren eta beste lau lagunen aurkako epaiketa bihar arte atzeratu dute, itzulpen akatsengatik

Jone Goirizelaia abokatua ez da ados azaldu Otegik 2005ean 'Gatza' presoaren aldeko ekitaldian egindako adierazpenei buruz auzitegian egindako itzulpenarekin. Angela Murillo epaileak jakinarazi du beste itzultzaile bat erabiliko dutela.

2010eko urtarrilaren 28a
14:09
Entzun
Arnaldo Otegi, Ixiar Galardi, Josune Irakulis, Jon Enparantza eta Estanis Etxabururen aurkako epaiketa bihar arte atzeratu du Angela Murillo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, Jone Goirizelaia defentsako abokatua gaur ez baita ados azaldu Otegik 2005ean Zornotzan (Bizkaia) Jose Mari Sagardui Gatza presoaren aldeko ekitaldian egindako adierazpenei buruz auzitegian egin duten itzulpenarekin, akatsak dituelakoan. Euskaraz egin zituen adierazpen haiek Otegik.

Murillok defentsari eskatu dio itzulpen horri buruzko beste bertsio bat eramateko bihar, baina Goirizelaiak erantzun dio ez duela dena itzultzeko konpromisoa hartuko. "Aizu, Kixote balitz, bale, baina zati bat besterik ez da", esan dio orduan Murillok. Honek jakinarazi du beste itzultzaile bat erabiliko dutela.

Altsasuko agiria eta ezker abertzalearen eztabaidaren ondorioak bere egiten dituela adierazi zuen Otegik atzo, epaiketaren lehen egunean. Gaur auzitegiko aretoan zeuden hainbat lagunek txalo artean agurtu dute hura. Poliziek eraman dute Otegi, preso baitago -urritik-, eta Murillok azaldu du bihar ez diela lagun haiei aretoan sartzen utziko.

Gatza presoaren aldeko ekitaldi hartan parte hartzeagatik ari dira epaitzen bostak, "terrorismoa goratzea" eta "legez kanpoko bilkura egitea" egotzita. Atzo bezala, gaur ere Enparantza eta Etxaburu ez dira azaldu. Hala iragarri zuten asteartean; haien ustez, Auzitegi Nazionala "Euskal Herriaren zapalkuntzaren tresna" da eta ez dauka zilegitasunik euskal herritarrak epaitzeko. Murillok biak atxilotzeko agindua eman zuen atzo.

Otegirentzat hemezortzi hilabeteko espetxe zigorra eta hamalau urteko inhabilitazioa eskatua du Fiskaltzak, eta beste laurentzat hamabost hilabeteko espetxe zigorra eta zortzi urteko inhabilitazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.