Arnaldo Otegiren inhabilitazioa ez dela 2021era arte iraungitzen nabarmendu du zuen fiskaltzak Espainiako Auzitegi Gorenean, hari buruz erabakitzeko asteartean egin zuten auzi saioan. Inhabilitazioaren zigorra eta espetxe zigorra independenteak direla argudiatu zuen fiskalak, eta, beraz, bat amaitzeak ez duela bestea eteten.
Kontrakoa argudiatu zuen Otegiren defentsak. Inhabilitazioa espetxe zigorrari loturik dagoela uste du, eta, espetxe zigorra 2016ko martxoan iraungi zenez, inhabilitazioa ere iraungita dagoela. Beraz, inhabilitazioa indargabetzeko eskatu zuen.
Epaimahaiak fiskalari eman dio arrazoia, eta Otegik ezingo du kargu publikoetarako hautagai izan 2021era arte.
Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera, Otegiren inhabilitazioa 2021. urtera artekoa da, eta ordura arte ezin da aurkeztu inolako ardura publikorik betetzeko. Interpretazio horretan oinarrituta, Eusko Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeetan lehendakarigai izatea galarazi zioten.
Bateragune auzia zela-eta hamar urteko zigorra ezarri zioten Arnaldo Otegiri, geroago zigorra sei urte eta erdira murriztu zioten arren. 2016ko martxoaren 1ean atera zen espetxetik.