M-27. Hauteskundeen ondorena.

Otegiren ustez, prozesua trabatu duelako zigortu egin dute hautesleek EAJ

Aldiz, kontrako arrazoiagatik ezker abertzalea saritu dutela nabarmendu du Batasuneko buruzagiak. Iruñeko Udalaren inguruan ezker abertzaleak arduraz jokatuko duela agertu du, "Gobernu aurrerakoi eta abertzalea bultzatuz". Hala ere, saminduta agertu da Otegi Uxue Barkosek atzo EAE-ANVri jarritako baldintzekin.

2007ko maiatzaren 30a
19:12
Entzun
"Ez dut hori bereziki azpimarratu nahi, baina galtzaile bat utzi dute hauteskunde hauek: EAJ", esan du Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagiak ETB2ko El Punto saioan egin dioten elkarrizketan. Horren arrazoia zein den argi du: hautesleek ezker abertzalea saritu dute prozesuaren aldeko egin duela iritzita, PSE-EE ere bai irudipen berarekin, baina EAJ zigortu dute prozesua trabatu duelako. "Ezker abertzalea saritu dute, ulertu delako gatazka demokratikoki konpontzeko ahalegina egiten ari dela, eta EAJ argi eta garbi zigortu dute bi arrazoirengatik: batetik, jendeak sumatu duelako EAJk ez duela prozesurik nahi. Eta hori hala da, EAJk ez du nahi prozesurik eta aldaketa politikorik. Bestetik, argi geratu delako EAJren kudeaketa eredua agortu dela; hots, ustelkeria eta entxufismoa agortu direla".

Iruñeko Udalean NaBairen hautagai Uxue Barkosek Alkatetza eskuratzeko aukeraren inguruan ere mintzatu da Otegi, eta ezker abertzaleak arduraz jokatuko duela esan du. Izan ere, EAE-ANVren botoak izan daitezke Barkosek agintea eskuratzeko giltza. "Nik ezin dut esan ANVk zer egingo duen, baina uste dut ardura osoz jokatuko duela, beste leku guztietan bezala gobernu aurrerakoi eta abertzaleak bultzatuz".

Dena den, onartu du Barkosek atzo egindako adierazpenekin minduta daudela. Izan ere, gobernu hitzarmena egiteko indarkeria gaitzesteko baldintza ezarri zuen. "Ez da zilegia ANVri indarkeria gaitzesteko baldintza jartzea eta inolako baldintzarik gabe PSNrekin hitzarmenak egiteko prest egotea, alderdi horrek tortura gaitzesten ez duen bitartean, herri honetako indar okupatzaileak mantentzen dituen bitartean, eta Iruñean manifestazio bat egiten den bakoitzean jendea jipoitzen duenean". Nolanahi ere, samindura horren gainetik arduraz jokatuko duela berretsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.