Arnaldo Otegiri harrera egiteko ekitaldia prestatzen ari dira Free Otegi Free Them All kanpainan parte hartu duten hainbat lagun. Martxoaren 1ean aterako da espetxetik ezker abertzaleko bozeramailea, eta martxoaren 5ean jendaurrean izango da, Anoetako Belodromoan; Batasuneko bozeramailea zenean Orain herria orain bakea proposamena publiko egin zuen toki berean. "Berezia eta sonatua" izango da ekitaldia, antolatzaileek azaldu dutenez. Itziar Ituño, Martin Garitano, Ramon Agirre, Ainhoa Lendinez, Amets Arzallus, Jon Maia, Arritxu Iribar, Iñaki Landa, Iñaki Artola, Mikel Olaetxea, Oinatz Bengoetxea, Idurre Eskisabel, Mikel Astarloza, Iñaki Ortiz de Villaba (Betagarri) eta Iñaki Azurmendi daude antolatzaileen artean.
"Arnaldoren kartzelaldia justifikatuko duen argudio judizialik ez da egon", salatu du Iribarrek, bildutakoen izenean. "Soilik arrazoi politikoak daude, guztiz salagarriak". Hori "mundu guztiak" hala ulertu duela esan dute, eta Otegik urteotan jasotako babesa dela horren erakusle. Orain, "milaka pertsonaren artean irribarre erraldoia" eskaini nahi diote. "Arnaldo gurekin izango da egun horretan, noski: Arnaldo Otegi, Arnaldo bakegilea, Arnaldo herriko semea, bere herriari aurrez aurre begiratu eta zintzoki mintzatzen zaiona".
Zigor osoa beteta
Zigor osoa beteta irtengo da kartzelatik Arnaldo Otegi: martxoaren 1ean. Hamabi egun falta dira, beraz, Sortuko idazkari nagusiak Logroñoko (Espainia) espetxea atzean uzteko. 2009ko urriaren 13an atxilotu zuten azkenengoz, eta Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Rafa Diezekin batera zigortu zuten Bateragune auzian. Zabaleta, Rodriguez eta Jacinto aske daude iazko urritik. LABeko idazkari nagusi ohia, ordea, preso dute oraindik, eta beste hamabost bat hilabete falta zaizkio zigorra betetzeko.
Kartzelatik irtenda ere, 2021eko otsailaren 28ra arte "kargu eta enplegu publikoetarako inhabilitazio berezia" izango du Otegik. Hala berretsi zuen Auzitegi Nazionalak joan den astean. Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziaren arabera, ordea, zigor epaian zehaztu egin behar da zein karguri eragiten dion inhabilitazioak. Bestela, ezin da debekua gauzatu. Eta dagoeneko berandu da zehaztapenak egiteko. Beraz, aurrerantzean auzi horrek egiten duen bidea egiten duela ere, Sortuko idazkari nagusiak kargu publikoak bete ahal izango ditu; esaterako, hauteskundeetara aurkeztuta.
Guztira, sei aldiz zigortua
Denera, sei aldiz zigortu dute Otegi; azkenengoz, Bateragune auziagatik. Auzitegi Nazionalaren arabera, ETAko kide zen Otegi; “sustatzaile, arduradun eta koordinatzaile”, gainera. Guztira, hamalau urte inguru egin ditu espetxean Sortuko politikariak.
Bateragune auzikoek helegitea jarria dute Europako Giza Eskubideen Auzitegian. Epaileek azaroan egin zuten helegitearen lehenengo azterketa, baina gaiaren mamian sartu gabe. Eskaera tramiterako onartu edo ez erabakitzeke dute oraindik.
Azken urteotan Euskal Herriko eta nazioarteko pertsona eta eragile ugarik eskatu dute Otegi askatzeko, Free Otegi, Free Them All kanpainaren barruan. Eta kantua ere egin dute Euskal Herriko hainbat artistak.
[youtube]https://youtu.be/xNxVQsa-Fws[/youtube]