Immigrazioa

Otoitzei errezeloz begira

San Frantziskon eta Basurtun bi mezkita egiteko asmoak zeresana sortu du Bilbon. Azken auzo horretan bizilagun talde batek eraikitzeko baimena ukatzeko eskatu du.

Auzoan mezkita eraikitzearen aurka, protestan hasi dira Bilboko Basurtu auzoko bizilagun batzuk. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Gaur egun hiru mezkita daude Bilbon. Baina fededunen kopuruak gora egin duela eta, dagoeneko ez dute guztientzako toki nahikorik. Errezurako leku berriak eraikitzea ezinbesteko egin zaie. Bi proiektu dituzte esku artean: bata Bilbo Zaharreko San Frantzisko kalean eta bestea Basurtun. Aurrenekoa Bizkaiko handiena izango da, eta 796 lagunentzako lekua izango du. Bigarrenean 185 fededun sar daitezke. Biek ala biek, baina, eztabaida sortu zuten inguruotako bizilagunen artean. Aurkako iritzi asko entzun dira, batez ere Basurtuko auzotarren aldetik. Dagoeneko elkarretaratzeak ere egin dituzte.

Basurtuko Auzo Elkartea ez dago mezkita eraikitzearen aurka, baina hainbat baldintza jartzen ditu. Jarrera epelegia dutela iritzita, mezkita eraikiko den lokalaren inguruko etxeetako bizilagunek, Pablo Alzola kaleko 23 eta 25 atarietan bizi direnek, beste elkarte bat sortu dute, eta diote ez daudela otoitzerako gunearen eraikuntzaz negoziatzeko prest.

Hainbat hedabidek giroa gehiago gaiztotzen lagundu dute, gainera. Hala uste du behintzat Basurtuko Auzo Elkarteko presidente Javier Muñozek: «Lasai konpondu beharreko kontu bat sekulako arazo bihurtu dute». Bitxia da, gainera, Euskal Herriko hedabideek baino jarraipen zabalagoa egin izana Espainiakoek. Bereziki, ideologia ultraeskuindarra duten atari digitalek.

Telebista saio batekin izandako eztabaida jartzen du Muñozek hedabideen jardunaren adibide modura. Joan den astean elkarretaratzea egin zuten Pablo Alzola kaleko bizilagunek. «Auzo elkarteak ez zuen bat egin deialdiarekin, eta ni aurka nengoen. Hala ere, bertaratzeko eskatu zidaten telebistakoek, deitzaileekin zuzenean eztabaidatzeko. Ez nintzen joan, noski».

Horiek hala, Muñozek bi elkarteen arteko aldea nabarmen utzi nahi du. «Gu ez gaude mezkita eraikitzearen aurka», esan du behin eta berriz, BERRIArekin hitz egin duen tartean. Lokala ez zaiela egokia iruditzen dio. «Azpian 17.000 litroko gasolio berogailua dago. Gainean hainbeste jende pilatzea arriskutsua izan daiteke. Kalea bera ere ez da oso aproposa. Ehunka lagun bilduko den leku batek irteera erraza izan behar du; Pablo Alzola, berriz, oso estua da eta ez dago ondo komunikatuta». Mezkita hosgabetuko duten edo ez ere jakin nahi dute. Halako eta pareko argudioekin 2.500 sinadura inguru bildu zituzten, udalari baimena eman edo ez erabakitzea hilabete atzeratzeko eskatzeko.

Egun, ordea, Muñozek beste zerbaiti ematen dio garrantzia. «Kontu horiek txikikeriak dira esku artean dugun arazoaren aldean. Ezin daiteke mezkitarik ez beste ezer jarri, auzoan sortu den giroak bere horretan jarraitzen duela. Elkarbizitzaren onerako, ez da erabakiak hartzeko unerik aproposena». Udalak proiektuaren inguruko informazioa zabaldu behar duela iruditzen zaio, auzotarrak jakinaren gainean jarri, proiektuaren inguruan dituzten aurreiritziak uxatzeko.

Muñozen esanetan, elkarte horrek bere mezkita eraikitzeko eskubide osoa dauka, gainontzeko erlijioetako fededunek euren tenpluak jasotzen dituzten modu berean. «Baldintzak betez gero, ez litzateke ezelango arazorik egon behar». Baina aurretik gezurrak agerian utzi behar direla iruditzen zaio. Izan ere, gehiegi zabaldu direla uste du. «Beste auzo batetik bota zituztela aipatu du alderdi politiko batek, istiluak sortzen zituztelako. Hori ez da egia!», esan du. Muñozek sustatzaileen gainean «uste ona» duela dio. «Ignacio Ellakuria gizarte gunekoekin harreman estua dute, eta hori Jesusen Konpainiarena da. Nola esan dezakete muturreko islamiarrak direla?», azaldu du. Auzoko hainbat bizilagun, talde terroristaren bateko kide diren beldurra agertuz, telebistan agertu direla dio.

Elkar ezagutzeko beharra

Muñozen esanetan, mezkita horrek arazoak sortzeko baino gehiago gutxitzeko izan behar luke. «Otoitzerako lekua izateaz gain, gizarteratzeko zerbitzua ere eskainiko dute. Arazoak dituzten gazte musulmanak gizarteratzen saiatuko direla diote sustatzaileek». BERRIA haiekin hitz egiten saiatu da, baina ez dute adierazpenik egin nahi izan. «Ez dugu bizilagunekin istilu gehiagorik nahi», erantzun du ordezkari batek.

Giroa baretze aldera, aste honetan auzotarrak eta mezkitaren sustatzaileak udalarekin elkartuko dira. Julia Madrazo Hirigintza zinegotziak baimena emateko asmoa agertu du, «baldintzak betetzen dituztela baieztatzen dutenean». Hirigintza Sailak hainbat lan egiteko agindu zuen, martxoan baimena ematea nahi bazuten. Besteak beste, larrialdietarako irteera zabaltzeko eta iristeko erraztasunak eskatu zizkien sustatzaileei. Baita lokala hosgabetzeko ere.

Nekane Alonso Berdintasun eta Herritartasun zinegotziak kezkaz hartu du auzotarren jarrera. «Ez dugu elkar ezagutzen eta aurreiritzi asko ditugu. Hori da arazorik handiena», dio. Aste honetako bilerarekin giroa baretzea lortuko dutela dio. Eta Alderdi Popularrari sua gehiago ez hauspotzeko eskatu dio. Izan ere, PP izan da mezkita eraikitzearen kontra agertu den alderdi bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.