Ia egun eta erdi atxilotuta eduki ondoren, arratsaldeko hiruak eta laurden aldera geratu dira libre Frantziako Poliziak atzo goizean Nafarroa Beherean eta Zuberoan atxilotutako sei ELBko sei laborariak. Baionako Auzitegira elkartasuna adieraztera hurbildutako dozenaka lagunek txaloka hartu dituzte irten direnean. Epaileak behin-behinean utzi ditu aske, otsailaren 21ean epaiketa egiten den arte.
Taldean indarkeria baliatzea leporatu die guztiei prokuradoreak, eta batzuen aurka
akusazio zehatz eta gogorragoak egin ditu, hala nola, jendarmeei borrak eta eskuburdinak ebastea. Zehazki, honakoak dira prokuradorearen salaketak:
*Virginie Prune: bortizkeria taldean.
*Beñat Etxeto: bortizkeria taldean eta 8 egunez beherako lanuztea eragitea jendarme bati.
*Jean Mixel Aizagerre: ezagutzen ez den jendarme baten aurkako bortizkeria.
*Frantxoa Hirigoien: bortizkeria taldean jendarme baten makila eta eskuburdinak lapurtzea.
*Michel Dunape: Jendarme bati kasketa, eskuburdinak, eta makila lapurtzea eta SAFER erakundearen egoitzako atea hondatzea.
Akusazio horiengatik zer zigor eskatzen dituen ez du argitu prokuradoreak; epaiketa arte ez da jakingo.
Goizean zehar hartu die deklarazioa sei lagunei Patrice Michel prokuradoreak, eta, ondoren, 14:30ean epailearengana eraman dituzte, epaiketa lasterra egiteko asmoz. Defentsak, ordea, atzeratzea eskatu du auzia behar bezala astia izateko. Otsailaren 21ean ezarri du epaileak data, eta bitartean atxilotuak aske uztea erabaki du.
Baionako auzitegira eskuburdinak jarrita eraman dute gutxienez atxilotuetako bat, elkartasuna adieraztera bildutako jendearen haserrea piztuz.
Urtarrilaren 17an Donapaleun (Nafarroa Beherea) Ainharbeko (Zuberoa) Kako etxaldearen segida Fred eta Jasmine Larrañaga laborari gazteen esku uzteko exijitzeko SAFER erakundearen aitzinean egin zen elkarretaratzen izandako istiluengatik atxilotu zituen atzo Frantziako Poliziak sei lagun horiek. Atzo goizeko seiak inguruan atzeman zituzten, eta gaur arratsaldea arte eduki dituzte preso.
Michel prokuradorea atzo ez zen gai izan zeini zer leporatzen zion zehazteko, baina leporatzen dizkieten delituengatik isunak ezar ditzakeela edo 5 urteko espetxe zigorra eska dezakeela ohartarazi zuen.
Atxilotu guztiak ELB Euskal Laborariren Biltzarra sindikatuaren eta Kako etxaldearen segida bermatzearren lan egin duen Lurra egituraren ingurukoak dira. ELBren iritziz, bi erakunde horien izena zikindu nahi dute operazio horren bidez.
Arestian aipatu bezala, elkartasun adierazpen zabala jaso dute atxilotuek. Auzitegi atarian ELBk deituta bildutakoena ez ezik, beste hainbat norbanako eta erakunderena. Besteak beste, 70 hautetsik atxilotuen askatasuna eskatzen zuen agiria izenpetu dute; EB Bai koalizioak, AB, Batasuna eta EA alderdiek, LAB eta EHNE sindikatuek, Askatasunak eta Arrapitz erakundek ere elkartasuna adierazi diete.
Kako etxaldearen auzia
Otsailaren 21ean epaiketa egin bitartean libre utzi dituzte sei laborariak
Indarkeria baliatzea leporatu die prokuradoreak guztiei, eta jendarmeei borrak eta eskuburdinak ebastea biri. Ainharbeko Kako etxaldearen aldeko elkarretaratze batean izandako istiluengatik atxilotu zituen sei lagun horiek Frantziako Poliziak. 70 hautetsik izenpetu dute atxilotuei sostengua adierazten dien agiria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu