Otsailaren 28rako amaituko du egitekoa ikerketa batzordeak

Eguna atzera daiteke egoerak hala eskatzen badu. PSNren arabera, agerraldiei ezingo diete uko egin Nievesek, Goikoetxeak eta Barcinak. Lehen agerraldia astearen amaiera aldera izango da, eta bihar bertan hasiko da batzordea informazio eskaerak egiten. Batzordearen funtzionamendua zehaztu du gaur Parlamentuko Eledunen Batzordeak.

Batzordea osatzeko bilkura parlamentuan. J. M., ARP
Berria.info
2014ko otsailaren 17a
06:36
Entzun

Ikerketa batzordeak jarritako epea betetzeko (otsailaren 28a), parlamentuak jarduera erdira murriztuko du, lehentasun erabatekoa emateko ikerketa batzordeari. Epeen gaineko eztabaidan ari dira legebiltzarrean, eta, UPNko bozeramaile Carlos Garcia Adaneroren ustez, "bi aste gutxi dira ondorioak hartzeko. Ondorioak aldez aurretik hartuta daude". Ez da hori, ordea, gainerakoen iritzia, bi aste barrurako ikerketak emaitzak izan ditzakeela uste dute eta. Beharrezkotzat joz gero, atzeratu egingo dute epemuga, hori bai.

Hamahiru parlamentarik osatuko dute batzordea, alderdi bakoitzeko bik eta Geroa Baiko batek. Agerraldiak komunikabideei irekiak izango da, baldin eta kontrakoa eskatzen badu azalpenak ematera doanak. Orduan, batzordeak erabaki beharko du eskaera hori aintzat hartu edo ez. Bihar batzordeko presidentea hautatu bitartean Alberto Catalanek zuzenduko du, egungo legebiltzarreko presidenteak (UPN).

Ostegunean onartu zuen Nafarroako Parlamentuak ikerketa batzordea sortzea, iragan asteartean Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiak salatu eta gero Lourdes Goikoetxea Nafarroako Ekonomia kontseilariak bere bezeroei zerga inspekzioa egitea galarazi nahi izan ziela. Alderdi guztiek eman zuten botoa ikerketa batzordea osatzearen alde, UPNk barne. Bien bitartean, Lourdes Goikoetxeak auzitegira jo du Idoia Nievesek legebiltzarrean emandako berriak froga ditzala eskatzeko.

Ikerketa batzordeak egoera ikertzeko jarri duen epe hori eman dio PSNko Roberto Jimenez alderdiko idazkari nagusiak Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteari dimisioa emateko. Nafarroako presidenteak karguari eusten badio haren aurkako zentsura mozioa aurkeztuko dutela iragarri zuen Jimenezek.

Barcinak, ordea, baztertu egin du dimisioa emateko aukera, eta PSNri desafio egin dio zentsura mozioa aurkeztera. Gainera, Goikoetxearen abokatuak gaur aurkeztuko du salaketa Nievesen kontra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.