Javier Ollo Altsasuko alkateak BERRIAri baieztatu dionez, gaur agertu dira Otsoportilloko leizearen kanpoaldean dagoen eskulturan pintaketa faxistak. Alde batean Falangeren ikurra margotu dute eta bestean gazteleraz "oraindik gehiagorentzako lekua dago" idatzi dute.
1936ean Etxarri-Aranazko hainbat bizilagun leize barrura bota zituzten faxistek. Iaz arte egon ziren horien gorpuzkinak leizean. 2015eko abenduan topatu zituzten eta iaz Aranzadi Zientzia Elkarteak handik atera zituzten. Lau ziren: Olatzagutiko Meliton Agirre Lezea, Altsasuko Francisco San Roman Galbete eta Ziordiako Domingo eta Francisco San Roman Otxoa.
Geroa Bai-k gogor salatu du erasoa eta elkarbizitzaren, memoria historikoaren eta pertsonen duintasunaren kontrakoa dela esan du. Helburu bakarra gizartea mehatxatzea eta beldurtzea dutela gaineratu du. "Leize honek hildako eta jazartutako pertsona guztiak ordezkatzen ditu, eta horregatik babesa azaldu nahi diegu gure lurraldean jazarpen frankista pairatu zuten familia guztiei", gaineratu du Geroa Bai-k ohar batean.
Bihar ekitaldi bat egingo da Otsoportilloko leizearen kanpoaldean, eta Geroa Bai-k herritarrei parte hartzera deitu die, frankismoko biktimekin elkartasuna adierazi eta elkarbizitzaren alde agertzeko.
Ez da Otsoportillon horrelako eraso bat egiten duten lehen aldia. 2010ean ere egin zuten.