Euskara

Otto von Habsburg hil da, MIDASen ohorezko presidentea

Alemanian hil da 98 urte zituela. Austriako azken enperadorearen seme nagusia zen, eta Lehen Mundu Gerraz geroztik Lekeition bizi izan zen zenbait urtez,  deserrian.

2011ko uztailaren 4a
19:55
Entzun

Gaur goizean Otto von Habsburg MIDASen presidentea hil da Alemanian. 98 urte zituen, eta politikari lotuta izan zen beti. Azken urteetan, ordea, MIDAS hizkuntza gutxituetan argitaratzen diren egunkarien elkarteko ohorezko presidente zen. 'Berria' MIDASeko kidea da, eta baita ere 'Euskaldunon Egunkaria', 2003ko otsailaren 20an Espaniako Auzitegi Nazionalaren aginduz itxi zuten arte. Euskal Herriarekin lotura zuen, izan ere, Lekeition (Bizkaia) igaro baitzuen gaztaroa Zita amarekin. Hitz gutxi batzuk ere bazekiezkien euskaraz. Gainera, Lekeition bada hotel bat euren egonaldia gogoratzen duena Zita Hotela

1912.an jaioa, Austriako azken enperadorearen seme nagusia zen. Lehen Mundu Gerraz geroztik deserrian izan zen, Austria eta Hungaria banatu egin baitziren. Orduan etorri zen Lekeitiora bizitzera, eta bertan ikasi zuen. Politika eta Gizarte Zientziak ikasi zituen Louvainen (Belgika), eta doktoretza 1935ean amaitu zuen. Historia, politika eta gizarte gaietako 35 liburu argitaratu zituen bederatzi hizkuntzatan, eta kolaborazio andana egin zuen liburu eta kazetetan.

Nazien aurkako jarrera garbia erakutsi zuen, eta Austria III. Reichean sartzearen kontra zegoen. Bigarren Mundu Gerra hastean, Nazionalsozialismoak mehatxatu eta jarraitutako 10.000 lagunen (gehienak juduak) ihesean lagundu zuen. Gerrak iraun bitartean, Estatu Batuetan izan zen, besteak beste, Austriaren berreraikuntzarako eta Hego Tirolen autodeterminazio eskubiderako lan egiten.

Europako Parlamentuko legebiltzarkide izan zen Alemaniako CSU alderdi demokristauarekin. MIDASen ohorezko presidente izateaz gain, Paneuropean elkartearen Nazioarteko Lehendakari izan zen. Halaber, Kroazia, Eslovenia, Mazedonia edo Herrialde Baltikoen independentzia prozesuaren alde lan egin zuen. Lau herritartasun zituen berak: austriarra, hungariarra, kroaziarra eta alemaniarra.

MIDASek urtero Otto von Habsburg kazetaritza saria ematen du, hizkuntza handietako hedabideetan gutxiengoen alde erreportajeak argitaratzen dituzten kazetarien artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.