Elkarren aurka aritu dira azken bi egunotan EAJ eta ezker abertzalea. Nork bere lana goratu, eta ez ezer egitea egotzi diote elkarri; Euskal Herriak aurrera egin dezan eta konponbiderako prozesua gara dadin lan egin ordez, oztopo izatea. Konpromisoak eskatu dizkiete elkarri.
Iñigo Urkulluk, EAJren egun handian egindako hitzaldian, alderdiko buruzagitzaren eta milaka militanteren aurrean zabaldu zuen ezker abertzalearen aurkako mezua, gogor. Ezker abertzaleak EAJ iraungita dagoen alderdi bat dela esan izanak mindu egin zuen Urkullu, eta hori ez dela egia esanaz erantzun zion: «Zaharkituta dagoena bere iraultza, bere hautsi beharra, porrot egin duen bere borroka da», esan zuen.
Ezker abertzaleak «bere erradikaltasun eta erabateko hausturarekin» 34 urte galdu dituela adierazi zuen Alderdi Eguneko ekitaldi nagusian. Bien bitartean, EAJ «Euskadiren etorkizuna» erabakitzen den lekuetan egon delaadierazi zuen, eta hala egingo duela hemendik aurrera ere. «Ezker abertzalea ez da egon autogobernuan, ez da egon modernizazioan, ez da egon garapen ekonomiko eta sozialean», esan zuen Urkulluk haserre.
«Euskadik ez die ezer zor ez ETAri, ez ezker abertzaleari; horiek dira Euskadirekiko zorra dutenak», ohartarazi zuen. Hala ere, orain bide ona hartu duela iradoki zuen: «Berandu eta horren harro datozen arren, ongi etorri errealitatera».
EAJk ezker abertzalea behin baino gehiagotan «erreskatatu» behar izan duela ohartarazi zuen alderdiko buruak. Eta jeltzaleek hura lagundu dutela «onura handiago bategatik, bakeagatik», beste edozein alderdi interes bazterrean utzita. Hala egiten jarraitzeko prest agertu zen, gainera, «aurrera begiratu» nahi duela argudiatuta. Baina «irakaspenik» ez emateko eskatu zion ezker abertzaleari, eta «Euskadik azken hamarkadetan izandako aurrerapena» onar dezala. «Bere aitzindari eta haustura lanetan ari ziren bitartean, instituzioak, arauak eta prozedurak dituen nazio bat eraiki dugu!».
EAJ, «aro berritik urruti»
Ezker abertzaleak «oso urduri» ikusi zuen Urkullu igandeko ekitaldian, eta horrek badu arrazoi bat, Txelui Morenoren ustez: Euskal Herrian normalizaziorako prozesua aurrera egiten ari den garai honetan EAJ ez delako bertan parte hartzen ari. Areago, EAJri «bake bilaketa» albo batera utzi izana egotzi dio.
«Egoeraren interpretazioa egiteko» gaitasunik ez izatea ere aurpegiratu dio Morenok Urkulluri, bere ustez horixe erakusten baitu ezker abertzaleari urrats gehiago egin ditzala eskatu izanak. Ez hori bakarrik. «Euskal Herrian irekitako aro berriarekiko» konpromisorik ez izatea egotzi dio EAJri, eta bake eta normalizaziorako aukera landu ordez «pasibo» egotea.
Jone Goirizelaiak ere «oso berotuta» ikusi zuen Urkullu igandean. Horrek «harritu» egin zuela adierazi du, baina azalpena aurkitu diola beroaldiari: «EAJri gertatu zaiona zuzendu nahian ari zela iruditu zait; gauden momentu honetan izan duen jarrera pasiboagatik politikaren erdigunean egoteari utzi dio, eta egoera hori aldatu nahian dabil». Goirizelaiaren esanetan, EAJk «inolako proposamenik egin ez izanak eta prozesuarekiko konpromisorik hartu ez izanak albo batean utzi du EAJ. Eta zentralitate hori galtzean, ezker abertzaleari erasotzea erabaki du».
Oztopatu besterik ez egitea egotzi diote elkarri EAJk eta ezker abertzaleak
Urkullu «urduri» eta nora ezean ikusi du ezker abertzaleak, EAJk «politikaren erdigunean egoteari utzi diolako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu