EUSKARA

"Oztopoen gainetik" euskaraz bizitzeko asmoa aldarrikatuko dute gaur

Arratsaldean, 17:30ean egingo dute Kontseiluak Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara leloarekin antolatutako martxa, Donostian. Manifestaziora deitu dute EH Bilduko alkateek. Urkijo udalen jarduna "baldintzatu" nahian ari dela ohartarazi dute, eta "jasanezina" dela egoera.

EH Bilduko hainbat alkatek euskarak pairatzen dituen erasoen aurka manifestatzera deitu dute. JON URBE, ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko otsailaren 27a
10:33
Entzun

Espainiako eta Frantziako ordezkariak euskararen aurka hartzen ari diren neurriak salatzeko deitu du protestara Kontseiluak, eta babesak biltzen ari da etenik gabe.

EH Bilduko alkateek agerraldia egin dute Carlos Urkijoren jarrera salatzeko. Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria da Urkijo, eta udalen jarduna estu gainbegiratzen ari da. Euskarari dagokionez, adibidez, udalak auzitara eraman ditu kontratazioetan hizkuntz irizpideak txertatzeagatik, aktak euskaraz egiteagatik edo Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeagatik. Euskara planak bidaltzeko eskatzen ere ari da.

EH Bilduko alkateek azaldu dute beste neurri batzuk ere ari dela hartzen Urkijo —Espainiako bandera jarri ez duten udalen aurka, adibidez—, eta egoera "jasanezina" bihurtzen ari dela. "Helburua da gure erakundeen funtzionamendua baldintzatzea eta erabakitzeko ahalmena mugatzea".

Jokabide horri "erantzun komuna" eman behar zaiola nabarmendu dute. Besteak beste, iragarri dute batzorde bat sortu dutela alkateek, eta harremanetan jarriko direla Eusko Legebiltzarreko alderdiekin, zer egin adosteko. Herritarrei ere dei egin diete.

Lehen urrats gisa, gaurko protesta aipatu dute. Kontseiluaren manifestazioa 17:30ean abiatuko da Gipuzkoa Plazan,  Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara lelopean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.