Anberesko Fiskaltzak baieztatu du: Hodei Egiluz Galdakaoko (Bizkaia) gaztearena da otsailaren 11n Anberesko Eskalda ibaian aurkitutako gorpua. Egunak behar izan dituzte gorpua identifikatzeko, eta gaur baieztatu dute Egiluzena dela gorpua.
Arratsaldeko hiruretan, agerraldia egin dute Koro Diaz eta Pablo Egiluz gurasoek. Behin baieztatuta topatutako gorpua semearena dela, nabarmendu dute "erantzunak" nahi dituztela, "nahiz eta mina handia izan": "Zer gertatu zen: horren erantzuna behar dugu". Horregatik, auzia argitzeko eskatu diete Belgikako agintariei. Halaber, eskerrak eman dizkiete bi urte eta lau hilabeteotan lagundu dieten guztiei: "Zuen babes nekaezina gabe, ez ginatekeen honaino iritsiko".
Galdakaoko Udalak bat egin du familiaren atsekabearekin, eta eskatu du argitu dadila nola hil zen gaztea: "Hodeiren oroimenak eta bere senideen borroka nekaezinak merezi dute". Ibon Uribe alkateak dolumina adierazi dio sendiari, eta "behar duten guztirako" udalaren laguntza eskaini.
Bi urte eta lau hilabete geroago
Urrian bete ziren bi urte Egiluz desagertu zela, Anberesen (Flandria). Ingeniari informatiko ziharduen Anberesko enpresa batean, eta lankideekin afaltzera atera zen; etxerako bidean lapurreta egin zioten, eta, ondoren, haren arrastoa galdu zen.
Erasoaren ostean, gaztearen irudiak jaso zituzten MAS museoaren inguruko segurtasun kamerek, eta lekukoek adierazi zuten Egiluzek laguntza eskatu ziela, norbait segika zuela-eta, baina lasai uztea erabaki zutela, nahastuta zirudielako. Gero gertatutakoaz ez dago arrastorik. 23 urterekin desagertu zen.
Ordutik, era guztietako ekinaldiak egin dituzte Egiluzen senideek eta Hodei Bila elkarteko kideek, ikertzen segi zezaten. Europako zenbait etxe okupatutan haren bila ibili ziren, baina zeregin horretan aritu zirenek baztertu egin zuten halakoren batean egon zitekeela. Hainbat hiritako 70 etxe okupatutan aritu ziren haren bila, 39 egunez.
Desagertzearen lehen urteurrenarekin bat eginez, berriz, Flandrian, Belgikan eta Herbehereetan bizikleta martxa egin zuten, Egiluzen auziaren berri zabaltzeko. Hainbat kultur eragilek ere bat egin zuten kanpainarekin, eta ekitaldi solidarioa antolatu zuten Galdakaoko kiroldegian; bertan, Egiluzen aldeko kantua aurkeztu zuten.
Bigarren urteurrenaren inguruan, baina, ikerketa itxi zuen fiskalak, froga gehiago ezin zuelako topatu. Nolanahi ere, auziaren gainean jarraitzeko konpromisoa hartu zuen: “Etorkizunean, hura bilatzeko aukera oro aintzat hartuko da, eta pista oro ikertuko”.