OROIMEN HISTORIKOA

Pacheco eta Muñecas Espainian ikertzeko aukera aztertzen ari da Auzitegi Nazionaleko fiskala

Frankismo garaiko torturak Espainian ikertzeak Argentinaren estradizio eskaerari uko egitea eragingo luke. Javier Zaragozak uste du delitu horiek preskribatu diren edo Espainiako Amnistia Legea ezartzen zaien ere aztertu behar dela.

Berria.info
2013ko abenduaren 26a
12:59
Entzun

Javier Zaragoza Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalburua elkarrizketatu du Efe berri agentziak. Juan Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño eta Jesus Muñecas Aguilar polizia ohiak Argentinara estraditatzeko auzi saioa egingo da laster, eta Zaragozak azaldu du ez duela erabaki zein jarrera izango duen saio horretan.

Edonola ere, jakinarazi du aztertzen ari dela Muñecas eta Pacheco Espainian ikertzeko aukera. Uste du aukera hori aztertu behar dela, argudiatuta "Espainian espainiarrek espainiarren kontra eginiko delituak" direla ikertu beharrekoak. Horrek eragingo luke Argentinako epaitegiek eginiko estradizio eskaerari Espainiako Auzitegi Nazionalak uko egitea.

"Prozedura hori abiatuko balitz, aztertu beharko lirateke sakoneko gaiak, delituen preskripzioarena eta amnistiarena, kasurako", azaldu du Zaragozak. Fiskalak oroitarazi du "1960ko hamarkada amaieran eta 1970eko hamarkada hasieran" eginiko delituak direla ikertu beharrekoak, eta gaineratu du horiei ere ezar dakiekeela 1977ko Espainiako Amistia Legea.

Abenduaren 5ean deklaratu zuten bi polizia ohiek Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean. Bi auzipetuen kontrako hainbat kautela neurri onartu zituen epaileak: astero epaitegian aurkeztu beharko dute, Espainiatik irtetea galarazia dute, pasaportea erretiratu diete eta etengabe aurkitzeko moduan egon behar dute. Bien estradizioa eskatu du Maria Servini Argentinako epaileak, Frankismo garaian torturak egin ote zituzten ikertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.