«Badago modua frogatzeko ez zela beharrezkoa izan, edo neurriz kanpokoa izan zela, edo nahi den bezala esan. Lekua bera ulertzea da gakoa». Paco Etxeberria auzi medikua izan zen, segadaren ondoren, Espainiako Poliziak hildako lau lagunei autopsia egin ziena. Emaitzak ikusita, zalantzak agertu zituen orduan, eta are zalantza gehiago sortzen dizkio orain bertsio ofizialak. «Tiroak goiko bidetik egin badira, 10 metro edo gehiagora egin dira. Nola izan ditzakete orduan tiroak hain distantzia gutxira?».
Akusazioek egindako eskaerekin bat egin du Etxeberriak: «Baliagarria izango litzateke gertaerak lekuan bertan berregitea, lekukoak daudelako. Besteak beste, [Joseba] Merino. Eta poliziak. Asko daude. Froga forentse bat litzateke». Akusazioen eskaerak ukatu egin dituzte epaitegiek, ordea; ez da inoiz egin halako frogarik. «Ziur aski, instrukzio epaile bat bera ere ez da badian egon».
1984ko martxoan, Eduardo Calvo Rojas zen guardiako epailea Donostiako epaitegian; berak egin zituen lehen instrukzioak. Espainiako Auzitegi Goreneko magistratu da gaur egun. Harekin harremanetan jarri da BERRIA, baina ez du galderarik erantzun nahi izan, denbora asko pasatu dela eta auzia instrukzio fasean dagoela argudiatuta. Geroztik, gutxienez beste zortzi epaileren eskuetatik igaro da kasua.
Harekin joan zen Etxeberria gorpuak altxatzera. «Ez ziguten utzi lekura bertara joaten. Epaileak ere ez zuen interesik erakutsi». Joan zirenerako, bi gorpu eramanda zeuzkaten Pasai Antxora, eta besteen bila ari zirela esan zieten. «Une hartan sinetsi genuen tiroketa ezin zela harroken gainean izan». KAAko kideak ihes egiten saiatu zirela azaldu zieten, baina lekua ikusita, ez zaio sinesgarri gertatzen. «Ihes? Nora?».
Autopsiak egitean ere sumatu zuen gauza arrarorik. «Jende asko zegoen: Donostiakoak eta kanpotik etorriak. Zergatik? Euforia zegoelako. Bataila irabazi zutelako. Gaur egun eskandalu bat litzateke, baina orduan ohore bat zen».