Oinarriak sendoak dira, eta epaia berretsiko da, seguru». Alleri Zaindu plataformako Ibai Muñizen hitzak dira. Ondarroako (Bizkaia) Alleriko paduran480 etxebizitza eraikitzeko proiektua legez kanpokoa dela erabaki du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak. Hirigintza arauak zein ingurunearen babesa oinarri hartuta, epaiak ontzat hartu ditu Alleri Zaindu plataformak eta Aralar alderdiak egitasmoaren kontrako helegitean aurkeztutako arrazoiak. Iaz lanak ez hastea lortu ostean, makinak Allerin ez sartzea lortu dute.
Ondarroako Udaleko kudeaketa batzordeak —EAJk gidatua— aurreko agintaldian bultzatu zuen plana. Alleriko padura lur eremu zabala da. Erdia Kosta Legeak babesten du. Horrekin batera, Europako Batasunaren IKL (Interes Komunitarioko Lekua) izendapena dauka, eta Eusko Jaurlaritzaren hezeguneen katalogoan agertzen da. Beste erdiak, ordea, ez du horrelako babesik.
Proiektua bideratzerakoan, udaleko batzordeak eremu zabal guztia hartu zuen kontuan, zenbat etxebizitza eraiki zitezkeen aurreikusteko. Hala, 480 etxe egitea kalkulatu zuen. «Babestutako eremua bertan sartu zuten eraikitzeko karga handitzeko», salatu du Ibai Muñiz Alleri Zaindu plataformako kideak; «Beste modu batean egin izan balute, etxebizitza gutxiago eraiki ahal izango lituzkete».
Egitasmoa kaleratu zuten lehen momentutik paduran eraikitzea legez kanpokoa zela argi ikusi zuten salatzaileek. Aralarreko kide Dani Maeztuk adierazi duenez, «hasiera batean helegite administratibo ugari jarri genituen, baina EAJren kudeaketa batzordeak ez zigun kasurik egin». Bide horiek agortu zituztenean, auzi administratibora jotzea erabaki zuten. Muñizek gaineratu duenez, argi ikusi zuten proiektua gelditzeko aukera bazegoela eta, horregatik, salaketa jartzea erabaki zuten.
Eta, azkenean, arrazoia eman die auzitegiak. 467/2010 sententziak Alleriko ingurua urbanizatzeko proiektua legez kanpokotzat jo du. Epaiaren arabera, herritik kanpo dagoen lurra edota azpiegiturarik ez duen eremua ezin da eraikitzeko lurra izan. Horrekin batera, eremuaren zati bat babestuta dagoela gogora ekartzen du testuak.
Dena den, padurak ez du aldaketarik jasan plana aurkeztu zenetik. Izan ere, epaileak, erabaki irmo bat hartu bitartean, bertan egitekoak ziren obra guztiak geldiarazteko agindu zuen 2010ean. Hortaz, padurara ez da inolako makinarik sartu.
Muñizek jakinarazi du epaiaren kontrako helegitea jartzeko aukera badagoela. Halere, epaiaren argudioak irmoak dira; beraz, ez dute uste bigarren epai batek guztiz kontrakoa esango duenik.
Auzitegiak sententzia mantentzen baldin badu, babestutako lurra ez da hiri-lur izango, bazik eta babestua. Beste zatia, ordea, hiri-lurra dena, udalak ikusi beharko du zelan izendatuko duen. Ebazpenaren ondorioz, EAJk hausnarketa egin dezan espero du Aralarrek, eta bultzatu duen «eredu urbanistikoak izan dituen akatsak» onartzea. «Urte askotan lurrak eta baliabide naturalak irentsi dituzte, eta espekulazio urbanistikoari bide eman diote», salatu du Maeztuk.
Herritarrek gastatutako dirua
Paduraren kontrako erasoa gelditzeko, «herritarrok izan ginen gure denbora eta dirua ipini behar izan genituenak», Alleri Zaindu taldeko kideek gogora ekarri dutenez. Borroka merezi izan duela diote, baina gastuek hor jarraitzen dute. Hala, datozen egunetan plataformak gastatutako milaka euro horiek ordaintzeko eskaera egingo dio EAJri. Horretarako, gutun bat bidaliko du, fakturekin. Aralarrek herritarrei azalpenak emateko eskatu die jeltzaleei.
Padura garaile, eraikitzaileen aurrean
Aralarrek eta Alleri Zaindu plataformak salaketa jarri ostean, EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki du Ondarroako Alleri paduran 480 etxebizitza eraikitzeko proiektua legez kanpokoa dela .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu