Euskotrenek ELA, LAB eta ESKko sindikatuetako delegatuei inposatutako zigorrak baliogabetu ditu epaile batek. Lanuztea egin zuten 2009ko urriaren 9an, aurreko egunean Lezaman (Bilbo) gertatutako istripua salatzeko eta bertan hildako lankidearen familiari dolua adierazteko. «Legez kanpoko greba» deitu izanagatik zigortu zituen enpresak, nahiz eta beraietako batzuk batzarretan ez izan. Bilboko Gizarte Gaietako Auzitegiko epaitegiak eman berri duen epai batek zehazten duenez, ordea, «langile bakoitzaren parte hartzea zehaztu gabe» eta «beraien errugabetasun ustekizunari erreparatu gabe» zigortu zituzten. Iñaki Arriola Garraio Kontseilariaren orduko jarduera salatu dute ordezkariek, eta istripuagatiko ardurak hartu beharrean «pagaburuak» bilatu izana leporatu diote. Auzi honetan «erantzukizunik gabe eta utzikeriaz» jokatzea leporatu diote.
Istripua jazo eta hiru hilabetera jarri zituzten galgatze automatikorako sistema aurretik instalatu ez izana salatu dute, istripua saihestu zitekeela salatuz. Kritikatu egin dute istripua gertatu zen garaian segurtasun arduradun ziren pertsonek postuan jarraitzea ere. Diotenez, hainbat urtez entzungor jokatu zuten langileen eskarien aurrean.
«Pagaburuak» bilatzea egotzi diote Arriolari Euskotreneko langileek
Lezamako istripuagatik «legez kanpoko grebara» deitzeagatik jarritako isunak bertan behera laga ditu epai batek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu