Hala azaldu du Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendozak Tuteran jadanik programa hori eskaintzen duten edo irail honetatik aurrera ezarriko duten udal ordezkari, ikastetxeetako arduradun eta gurasoen elkarteko kideekin egindako bileran.
Zehazki, 2015-16 ikasturtean hamazazpi ikastetxek hasiko dute hizkuntzak ikasteko programa bat. Haietatik hamasei ingelesez (PAI) eta bat frantsesez (PAF). Zentro guztietatik, zortzi sare publikokoak dira, eta bederatzi, itunpekoak.
Mendozarekin batera, Hezkuntzako zuzendari nagusi Estebe Petrizan izan da Tuterako Benjamin institutuan egindako bileran, baita Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiko zuzendari nagusi Juan Ramon Elorz ere. Bileran, eskualdeko hamabost udalerritako udal ordezkariak, guraso-elkarteetakoak eta hogei ikastetxetako arduradunak izan dira.
Mendozak gogora ekarri du PAI ez dela hezkuntza-eredu bat, A, G, B eta D diren moduan, hizkuntzen programa bat baizik; hala, irakaskuntza-mota hori premiazkoagoa den aniztasunari arreta handiagoa emateko helburuarekin bateragarria izateko beharra erakutsi du, "hezkuntza-beharra duten haurrak baztertuta gera ez daitezen".