Paperak sinatzea, eskubideak lortzea

Lanean baimenak-eta eskuratzeko aukera ematen du ezkontzeak edo izatezko bikote egiteak. Paperak egin behar, eskubideak lortzeko. Hona hemen testigantza.

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Urte asko eman ditugu elkarrekin, baina pentsatu ere ez genuen egiten elkarrekin ezkontzea». Luzaroan bikotekidearekin bizi eta ume bat izanda ere, izatezko bikote izateko pausoa iaz arte ez zuen eman Sorkun Agirrek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1972). Bikotekidearen lan egoera aldatzean erabaki zuten paperak egitea. Argi adierazi du zergatik egin zuten: «Ezkonduta edo izatezko bikote izanda eskubide gehiago lortzen dira».

Umea orain 11 urte izan zuten Agirrek eta bikotekideak. «Ingurukoek orduan galdetzen ziguten ez al genuen ezkontzeko asmorik edo». Haurra izanda segurtasuna emango ziela paperak egiteak. Hala esaten zieten. «Guri umeak berak ematen zigun segurtasuna. Guri zerbait gertatuko balitzaigu, harentzat izango lirateke etxebizitza eta».

Ezkontzea ez baitzuen Agirrek begi oneko: «Beti esaten nuen: ez dut gogorik beste norbaitek esateko baimena dudala bikote izateko». Orain dela urtebete, ordea, aldatu egin ziren kontuak. «Bikotekideak autonomo gisa egiten zuen lan, baina, orain bi urte, udal batean hasi zen lanean». Ordura arteko martxa aldatu egin zuen horrek: lanean baimenak-eta hartzeko aukera zuen gizonak. «Ordea, ezkonduta egotea edo izatezko bikote izatea da eskubide horiek lortzeko modua: norbait gaixotzean baimenak hartzeko modua, jaiegunak ezkontzagatik edo izatezko bikote izateagatik...».

Baimen horiek lortzeko modua ezkontzea edo izatezko bikote egitea zutenez, Agirrek erakundeetara hots egin zuen. «Informazioa jasotzeko deitu nuen, ea izatezko bikote izanda zein arazo izango genituzkeen ezkonduekin alderatuta. Esan zidaten batere ez zela izango, badagoela legea eta parekatuta daudela ezkontzekin». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, indarrean dago Izatezko Bikoteen Legea, 2003az geroztik. Hango erakundeen esku dauden eskuduntzetan, bada parekotasuna. Orduan egin zuten urratsa. «Azken batean, orain urte batzuk berdin zion izena eman edo ez, ez baitzen ezer handirik aldatzen».

Urtebete darama izatezko bikote gisa. «Inguruan normaltzat jotzen da. Ezkondu gabe bizitzeagatik ez didate ezer esan. Areago, zahar etxe batean aritzen naiz, eta han ere ez dute txartzat hartzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.