Osasuna

Papergabeei osasun arreta bermatzeko diru laguntzak emango ditu Nafarroak

Gizarte Gaietarako Departamentuak 1,68 milioi euro jarriko ditu. Irailaren 1etik aurrera osasun zerbitzutik kanpo geldituko diren immigranteek eskatu ahal izango dituzte laguntzak, osasun zerbitzuaren tasa ordaintzeko.

2012ko abuztuaren 22a
13:24
Entzun

Nafarroan paperik gabe bizi diren immigranteei osasun arreta bermatzeko diru laguntza bat sortuko du Nafarroako Gobernuak. Jesus Pejenaute Gizarte Gaietarako kontseilariak eta Marta Vera Osasun kontseilariak eman dute erabakiaren berri, gaur eguerdian, gobernu bileraren ostean.

Irailaren 1etik aurrera, papergabeak osasun zerbitzutik kanpo geldituko dira, Espainiako Gobernuak hala aginduta. Pertsona horiek ordaindu egin beharko dute osasun arreta jasotzeagatik. Nafarroako Gobernuak egokitu egin du Espainiako Gobernuaren agindua, "inor ez dadin osasun zerbitzutik kanpo gelditu".

Osasun zerbitzuetatik kanpo geldituko direnak bi multzotan banatuko dituzte. 18 eta 64 urte artekoek 764,46 euro ordaindu beharko dituzte, eta 64 urtez gorakoek 2.675,62 euro (18 urtez azpikoek bermatua dute osasun arreta, edozein kasutan). Espainiako Gobernuak agindutakoak baino altuagoak dira tasa horiek, 710,40 euroko eta 1.864,80 euroko tasak jartzeko irizpidea eman baitu, hurrenez hurren. Irailaren 1etik aurrera izango dira indarrean tasak.

Eta tasa horiek ordaindu ezin dituzten pertsonentzako laguntza berezi bat sortuko du Nafarroako Gobernuak. Dekretu baten bidez onartuko du neurri berria, eta Gizarte Gaietarako Departamentuak egingo du ekarpena. 1,68 milioi euro jarriko ditu diru laguntza horietan, immigrante papergabeei emateko.

Laguntza etorkinek eurek eskatu beharko dute, Osasun Departamentuko erregistroetan, eta hiru baldintza bete beharko dituzte txartela eta laguntza jasotzeko: 18 urte baino gehiago edukitzea, Nafarroan urtebetez gutxienez erroldatua egotea, eta Justiziarekin auzirik airean edo kondenarik ez edukitzea.

Hiru baldintza horiek betetzen dituzten etorkin papergabeek, eta hilean 532 euro baino sarrera txikiagoak dituztenek, jaso ahal izango dute laguntza, osasun arreta doan izateko moduan. Osasun arretarik gabe gera daitezkeen etorkin papergabeak, Nafarroan, 3.650 izan daitezkeela azaldu du Pejenautek; horietatik 2.150 dira 18 urtez gorakoak.

Osasun zerbitzu publikoa "oinarrizko arreta" dela eta inor ez litzatekeela zerbitzu horretatik baztertu behar adierazi du Pejenautek. Osasun zerbitzuaren kostuari aurre egin ezin dioten pertsonak ere babestuko ditu dekretuak, Pejenauteren hitzetan, eta "Nafarroako herritar guztien" osasun arreta bermatuko duela erantsi du.

Marta Verak, berriz, ukatu egin du immigrante batzuei osasun arreta ukatzen zaienik. Azken egunotan Nafarroako zenbait elkartek salatu dute egoera hori, baina Osasun kontseilariak gezurtatu egin du halako agindurik eman duenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.