Papergabeek osorik pagatu beharko dituzte botikak

Osasun arreta jasotzeko etorkinei eskatuko dieten aseguruaren bidez, oinarrizko arreta emango diete soilik

Erredakzioa
2012ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Osasun arreta jaso ahal izateko paperik gabeko etorkinek izan beharko duten poliza edo hitzarmenetik kanpo geratuko dira botikak. Horrenbestez, bereizita eta osorik ordaindu beharko dituzte. Hala adostu zuen atzo Espainiako Osasun ministroak eta autonomia erkidegoetako Osasun kontseilariek. «Osasun turismoa amaitu nahi dugu», esan zuen Jose Ignacio Etxanizek, PPko Osasun arduradunak.

Adinaren arabera, 710 edo 1.864 euro artean pagatu beharko dituzte paperik gabeko etorkinek aseguruagatik. 100.000 eurotik gorako diru sarrerak izan eta lan egiten ez duten herritarrek ere eduki beharko dute poliza hori osasun arreta jasotzeko. Europako Batasuneko herritarrek ere izan dezakete aseguru hori, hala nahi badute. Aseguruarekin oinarrizko zerrendan sartzen diren zerbitzuak eta arreta jasoko dituzte. Botikak, ordea, osorik ordaindu beharko dituzte. Osasun txartela duten herritarrei muga bat ezarri diete, eta kopuru batetik aurrera botikengatik pagatutako diruaren zati bat itzultzen diete. Etorkin papergabeek ez dute horretarako aukerarik izango.

Uda aurretik ezarritako murrizketak ere aztertu zituzten atzo Madrilen egindako bileran. Etxanizek emandako datuen arabera, 400.000 milioi euro aurreztu dituzte mozketen bidez. «Ia milioi bat euro aurreztu dira eguneko». Gainera, jakinarazi zuen pentsiodunek batez beste lau euro ordaindu dituztela hilean botikengatik.

Atzo Madrilera joan ziren Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoa eta Nafarroako Osasun kontseilari Marta Vera. Bengoak bilera amaieran hitz egin zuen, eta berretsi zuen Osakidetzak paperik gabeko etorkinei kasu egiten jarraituko duela. «Ez dute asegururik beharko. PPk uste du paperik gabeko etorkinei osasun laguntasuna murriztuta osasun sistema iraunkorragoa izango dela. Penagarria da». Gainera, zalantzan jarri zuen murrizketekin 400.000 euro aurreztu izana. «Ez dakigu nondik atera dituzten datu horiek. Guk emandako kopuruetatik, behintzat, ez».

Bestalde, botiken berrordainketa abian jartzeko, herritarren ogasun datuak eskatu zizkien Espainiako Gobernuak foru aldundiei. Bizkaiko Foru Aldundiak legea aldatzea eta datuak ematea onartu zuen uda aurretik. Atzo, Bizkaiko Batzar Nagusiek eman zioten oniritzia erabaki horri. EAJk eta PPk bozkatu zuten alde. Neurria gaitzetsi zuten, berriz, Bilduk eta PSE-EEk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.