Iaz 360 lagun preso iragan ziren Hendaiako atxikitze zentrotik, eta haietako gehien-gehienak (321 paper gabeko) gizonezkoak izan ziren, emakumeak 39 eta adingabekoak bi. Zentroak 30 pertsonarentzako egitura du, zeinetan 24 leku gizonentzat diren eta sei emakumeentzat. Bestalde, jatorriari dagokionez, gehienak marokoarrak, pakistandarrak eta aljeriarrak ziren —orotara, atxilotuen %38—.
Cimade elkarteak, etorkin eta iheslarien eskubideen aldeko elkartasun elkarteak, urteroargitaratu ohi duen gisara, bilduma txostena plazaratu zuen atzo. Paperik ez duten pertsonek pairatzen duten errealitatearen diagnosia, datu bilketa eta salaketa bat elkartu dituzte bertan, eta Hendaiako atxikitze zentroari buruzko lanketa propioa egin dute.
Laurence Hardouin Cimadeko kideak esan du paperik ez dutenen baldintzak argiki txartu direla 2011ko ekainaren 6an abian eman zuten immigrazio lege berria dela eta. Alde batetik, atxikitze garaia luzatua izan baitzaie. Hain zuzen, lege horren aitzin, atxilotua zen oro gehienez bi egun egon zitekeen atxiloturik epailearengana eraman aurretik. Egun, berriz, bost egun. Lehen, epaileak 30 egunez espetxeraturik atxikitzeko eskubidea zuen; gaur, 40 egun dira.
Orotara, atxilotze aldia 32 egunekoa izatetik 45 egunekoa izatera iragan da. Cimade elkarteak adierazi duenez, Hendaiako atxikitze zentroan lege horren ondorioak bistakoak dira: «Gero eta jende gehiago entseatzen da bere buruari fisikoki eraso egiten; sufrimenduaren seinale da hori. Suizidio saioak, auto-ebaketak eta gose grebak ugaritu dira».
Ekainean abian eman zen legeaz gain, egun atxilotzeei begira bete beharreko «kuotak» osolarritzat jotzen ditu Cimade elkarteak. Izan ere, 30.000 pertsona dira Frantziak urte oro «atxilotu behar dituen paperik gabekoak», gobernuak markatutako kuotak bete daitezen. Horren ondorioak nabarmenak direla azaldu du Cimadek: «Zenbaki hauetara heldu ahal izateko, jada ez da soilik atxilotzen toki batean paperik gabe bizi den pertsona, baizik eta lurralde horretatik pasatzen dena ere jomugan jarria da, beren etxera itzultzen direnak ere atxilotuak dira».
Atxilotuen artean %21 kanporatuak izan ziren 2010ean. Kontuan izanik preso hartutako guziak kuotak betetzeko kontatuak direla eta atxilotuen %21 kanporatuak izan direla, argi gelditzen da kuotak bete beharrak dakarren eragina, Cimaderen iritziz. Atxilotuen %79 atxikiak izan dira kuotak betetzeko helburu soilarekin, Cimadek nabarmendu duenez.
Atxiloketen «industrializazio» bat dela salatzen dute elkarteko kideek, pertsonarengan sortzen diren ondorio psikologikoak kontuan hartu gabe. Horrela, Hendaia bezalako trantsizio guneak atxilotze puntu nagusi bilakatuak dira.
Frantziari abisua
2011ko ekainean, Europako Justiziak Frantziari ohartarazi zion ez dela legezkoa pertsona bat automatikoki kontrolatua izatea ezin bada justifikatu aldez aurretik delitu bat egin edo ahalegina egin duenik. Gainera, Schengen espazioan den heinean, banakoen zirkulazioa bermatzera behartua dago Frantziako Gobernua.
Horren ondorioz, ekainean, atxikitze zentroan zeuden atxilotu guziak askatzeko agindua eman zuen Baionako epaitegiak. Hala ere, bide berri bat zabaldu da «kontrol erregular» horiekin segitu ahal izateko. Izan ere, prefetak baimen bereziak emateko eskubidea dauka, kontrolak une eta leku zehatzetan eginak izan daitezen. Anitz elkartek salaketa jarri zuten Paueko auzitegian, kontrol horien egin ez zitezen, baina epaileak ez zien arrazoirik eman. Erabaki hori ikusirik, Kasazioko Gortera jo zuten elkarteek. Azken horren erabakiaren zain daude oraindik.
Paperik gabeko 360 pertsona atxilotu zituzten Hendaian iaz, egunean bat
Ekainetik indarrean den immigrazio legearen bidez, paperik gabekoen atxilotze aldia 45 egunera luzatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu