Herritarrik gabeko udal gobernuak

Paraxutistei aurre eginez

Garinoainen, azaroaren 20an egin ziren udal hauteskundeak. Azken orduan aurkeztu zen eskuin muturreko alderdi batek osatu du udala, 18 botorekin. Herri osoa aurka dute, eta oposizioa nola egin antolatzen hasi dira.

joxerra senar
Iruñea
2012ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Paraxutistak». Hala deitzen diete Garinoainen DNE Derecha Navarra y Españolako kargudunei. Nafarroako beste 28 udaletan bezala, maiatzean hautagaitzarik izan ez zenez, azaroaren 20an bozak egin behar izan ziren Baldorbako 518 biztanleko herrixka horretan. Hala ere, arazoak bere horretan jarraitzen zuen. Asmoa zen bizilagunen artean aukeratzea eta boto gehien biltzen zuten herritarrekin Nafarroako Gobernuak gestora bat osatzea. Asmo hura zapuztu egin zuen DNE eskuin muturreko alderdiak. Sistemaren zirrikituez baliatuta, azken orduan zerrenda bat aurkeztu zuen: zazpi hautagaiak kanpokoak ziren; horietatik bost beste toki batzuetan aurkeztu ziren maiatzean. Ez zuten herria ezagutzen, eta ez zuten kanpainarik egin. Berdin zitzaien.

Bozak, bat-batean,erreferendum bihurtu ziren —DNEren alde edo kontra—. Emaitzak argigarriak izan ziren: hemezortzi alde, eta 305 boto zuri. Botoen %5,6 lortuta, %0,6ren alde eskasagatik, legeak ezarritako gutxieneko langa gainditu zuen, nahiz eta herri oso bat (%94,4) kontra egon eta haren zilegitasun demokratikoa auzitan egon.

Bi hilabete iragan dira geroztik, eta «herrian ez da beste ezeri buruz hitz egiten». Iñigo Arregi Garinoaingo herri plataformako kideak eta Xabier Barrena aurreko agintaldiko alkateak azaldu dute hasierako kezka, sumina eta ezinegona handitu egin dela baretu ordez. Gauza asko gertatu dira. Herritarrek manifestazioak egin dituzte DNEko kargudunen aurka; aste gutxira, Gonzalo Vicuña zerrendaburuak karguari uko egin zion, antsietate krisi batek jota, eta alderdiak «engainatu» egin duela aitortu berri du. Javier Etxarri iruindarrak ordezkatu zuen. DNEk bost herritarren aurkako zigor arloko salaketa aurkeztu du Tafallako epaitegian.

DNEren asmoez kezkati

Horregatik, Arregi eta Barrena etorkizunak kezkatzen ditu batez ere. «Orain artekoa ikusi besterik ez dago», azaldu du Arregik, «ez dira gure aurrean aurkeztu; ez dute esan hau edo bestea egitera doazela. Dantza eskolari eutsiko diotela esan dute. Hemen ez dago dantza eskolarik-eta! Diskurtso politiko bat egin zuen Etxarrik estatuko aurrekontu orokorrez. Zer zerikusi du horrek 500 bizilaguneko herri baten egunerokoarekin?», azaldu du kezkati. Barrenak galdera kezkagarri hauxe egin du: «Herritar gehienak kontra badituzte, zer nahi dute?».

Iazko apirilean sortu zuen DNE Nieves Cipres Iruñeko hautetsi ohiak, PP utzi ostean. Alderdi ezezaguna eta txikia da. «Kristau humanista» dela dio, baina Espainiako eskuin muturreko alderdiekin akordioak ditu, eta bi kide haren zerrendan aurkeztu dira. Garinoainen «doako publizitatea» lortzeko plataforma egokia topatu duelakoan dago Barrena. Haren ustez, probokazioa eta liskarrak nahiko dituzte etengabe. «Herri bat sakrifikatzea bost axola zaie», gaineratu du Arregik.

Izan ere, Garinoain herri aniztuna da. Hauteskunde orokorretan, adibidez, UPN-PPk 107 boto lortu zituzten; PSOEk, 78; Amaiurrek, 39; Ezkerrak, hemezortzi; eta Geroa Baik, hogei. Herrian, oro har, bi joera daudela azpimarratu du Barrenak. Horretaz baliatu nahi du DNEk, sektore bat bestearen aurka jartzeko asmoz. «Ez dute beste argudiorik. Ezin gara sartu euren jokoan. Prentsaren aurren esan dute ezkerrekoen eta abertzaleen aurrean jartzen diren bakarrak direla. Ez dakit zer errealitatetan bizi diren», adierazi du Arregik.

Garinoaindarrek, ordea, erantzun bateratua eman dute. «Euren asmoen kontrakoa lortu dute, herria batzea», azpimarratu du Barrenak. Hala ere, etorkizunean «haustura soziala» eragiteak beldurra ematen dio Arregiri. «Horrek kezkatzen nau gehien, denbora asko behar baita zauri horiek sendatzeko. Gure herria da, eta hori da gure lehentasuna. Eurek alde egingo dute, eta gu hemen geratuko gara».

Barrenak, berriz, arriskuan ikusten ditu aurreko agintalditik abian diren bi udal proiektu eta haur eskola bera, egun 140 ikasle dituena. «Diru laguntzen deialdia ateratzen denean, erne egon behar da, eta eskabideak tramitatu. Ez dute ezagutzen lan hori».

Barrenaren arabera, hori da arazoa, ez dakitela ezer herriaz eta haren egunerokoaz: «Alkate batek lanordu asko eman behar ditu herriaren alde. Presentzia eta harremanak oso garrantzitsuak dira, baina jende honek kanpotik agindu nahi du». Arregiren arabera, «lan zikina egingo dien norbaiten bila dabiltza, ez dutelako hona etorri nahi».

Herritarrak, berriz, hemendik aurrera zer egin dezaketen eztabaidatzen hasi dira. Zenbaitzuek udal paralelo bat osatzea dute buruan, baina «zail» ikusten dute Barrenak eta Arregik: «Ez dago erabakitzeko eskumenik». Barrenaren irudiko, «gertutik markatu behar da udal gobernua, eta ahal bezainbat galarazi herriari kalte egingo dioten neurriak hartzea». Horretarako, osoko bilkura orotara jo beharko dute, ahal den informazio guztia eta aktak eskatu, eta, oro har, zaindu, udalak ez dezan jokatu «euren aldeko jendearen» alde. Behar den bakoitzean auzitara jotzeko prest dira.

Ados dago Arregi, baina zail ikusten du. «Eurek osoko bilkuretara gauza gutxi eramango dituzte lotu gabe, eta ahal den neurrian ahaleginduko dira informaziorik ez ematen eta gure bizitza zailtzen». Hori dela eta, argi du herritarrek une oro ados jartzen saiatu behar dutelaeta herriaren etorkizuna zaindu behar dutela. Aurrekontuek ere kezkatzen dituzte. Erne egon nahi dute herritarrek, DNEk ez dezan zentimo bakar bat desbideratu bere alderdia finantzatzera.

«Zerbait gaizki dago»

«Babesik gabe» sentitzen dira Garinoainen, eta alarma mezu bat igorri dute. Batetik, DNEren zerrenden aurkako helegiteak atzera bota dituzte auzitegiek, zilegitasunik ez zutela arrazoituta; fiskaltzak, berriz, ez du ezer egin. Bigarrenik, bi tokitan aurkeztu diren hautagaiekin DNEk legea urratu arren, eskuin muturreko aukera bati arnasbidea eman zaio. Hirugarrenik, demokraziaren irizpideek berberak izan beharko lukete toki orotan. Izan ere, Garinoainen, boto-emaileen %5 gainontzeko %95ei gailendu zaizkie, eta, Arregik dioen moduan, «hor zerbait gaizki dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.