eherketa indartsuak izan ziren atzo Alacanteko kostaldeko bi hiri aztoratu zituztenak. Hoteletan kalte material handiak eragin zituzten eta hori argazkietan ageri da, baina herritarren artean ere eraginik izan zuten. Carlos Milla Alacant hiriburuko Bahia hotelaren ondoan bizi den 20 urteko gazteak honela deskribatu zuen bizitakoa: «Lo nengoen leherketa gertatu zenean, baina paretek ere dar-dar egin dute. Ikaragarria izan da». Millak azaldu zuenez, kalera jaitsi zenean dena «hondakinez beteta» ikusi zuen.
Bahia hotelaren inguruko terraza batean zegoen turista batek, berriz, eztandaren eraginez lurrera erori zela azaldu zuen, eta altxatzerakoan «ke-laino ilun eta sendoa» ikusi zuela. Turista kexu azaldu zen polizia gutxi zeudelako, eta segurtasunerako itxitako inguruneak handiagoa behar zuela iritzi zion, «leherketa oso indartsua izan baita».
Turista horrek polizia gutxi zegoela kritikatu zuen bezala, hainbat lekukok azaldu zuten hotelaren gainean dauden etxebizitza partikularrak ez zituztela hustu, eta kexu agertu ziren bertako bizilagunen bizitzak arriskuan jartzeagatik. Hain zuzen ere,horietako batzuk harrapatuta gelditu ziren etxean, eztandak sortutako hondakinen artean.
Benidormeko hondartzatik Nadal hoteleko leherketa sentitu zuten lekukoek ere leherketa «indartsua eta lehorra» izan zela adierazi zuten, berri agentzietako kazetariek egindako galderei erantzunez.
Honela azaldu zuen gertatutakoa Nadal hoteleko leherketan zauritu zen Espainiako lau polizietako batek. «Bazen ordu laurdena zonaldea hustutzen ari ginela, bapatean, eztanda nabaritu genuenean. Ke-lainoa ikusi genuen eta alde guztietatik txintxorrak erortzen zitzaizkigun gainera».
Bere izena ez ematea nahiago izan zuen poliziak zauri arinak pairatu zituen; hainbat ebaki ditu gorputzean eta lepokoa eramatera behartzen duen zerbikaletako lesio bat du. «Ongi nago, gorputz osoa kolpez, kontusioz eta ebakiz beteta dudan arren», esan zuen.>
«Paretek dar-dar egin dute»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu