Anne Hidalgo Parisko auzapez izatea izango da Frantziako Estatuko udal bozetan Alderdi Sozialistak izan duen kontsolamendu bakarra. Hamahiru urtez PSk agintzen du Frantziako hiriburuan, eta hala jarraituko du beste sei urtez. Porrot egin du PSk, eta 2008ko hauteskundeetan galdutako babesa berreskuratu du UMP eskuineko alderdiak.
Jean-Marc Ayrault Frantizako lehen ministroak azaldu du gobernuak eginiko "aurrekaririk gabeko erreformei" erantzuten dietela emaitza kaskarrek: "Mezua argia da. Erabat ulertua izan behar da". %38,5ekoa izan da abstentzioa. Behin-behineko emaitzen arabera, UMPk botoen %45,1 eskuratu ditu, eta PSk, berriz, %40,5. Ultraeskuinak botoen %6,85 jaso ditu.
Historikoa izan da FN Fronte Nazionalak erdietsitako emaitza. Gutxienez Beziers, Frejus, Hayange, Beaucaire, Villers-Cotteret eta Henin-Beaumonten gobernatuko du, eta, Marsellan, 150.000 biztanleko auzo batean nagusitu da. "Hemendik aurrera, gure herrialdeko hirugarren indarra kontuan izan beharko da", adierazi du Marine Le Pen FNko buruzagiak.