Euskal presoak

Parisek atzeratu egin du bihar Ipar Euskal Herriko ordezkaritzarekin egitekoa zuen bilera

Frantziako espetxe funtzionarioak greban daude, eta auzi horrek lehentasuna hartu duela argudiatu du.

Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa egin zuten milaka lagunek, urtarrilaren 13an, Bilbon. ARITZ LOIOLA, ARGAZKI PRESS
2018ko urtarrilaren 23a
11:44
Entzun

Bake bideak prentsari jakinarazi dionez, "presondegietako aktualitateari lotutako agendarengatik" atzeratu du bilera Parisek. Frantziako Justizia Ministerioa eta Ipar Euskal Herriko ordezkaritza asteazken honetan ziren bilera egitekoak, euskal presoen afera lantzeko. Bilera ez dute egun horretan egingo, eta oraingoz ez dute beste egunik jarri.

Frantziak euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara gerturatuko dituela jakinarazi osteko lehen bilera izango zen biharkoa. Banakako eskaerei erantzunez egingo ditu gerturatze horiek, preso bakoitzaren dosierra aztertu ostean. Horrek prozedura makala izatea ekarriko duela esan dio Mixel Berhokoirigoinek Euskadi Irratiari.

Covite Terrorismoaren Biktimen Elkarteak gaur bilera bat egingo du Helene Davo Frantziako Justizia Ministerioko kabineteko zuzendariordearekin. Goizean batuko dira, Parisen, ministerioan. Covitek Parisen jarrera aldaketaz dituen "zalantzak" aipatuko dizkio, elkartearen presidente Consuelo Ordoñezek adierazi duenez. "Espainian, preso batek bere etxetik gertu betetzeko zigorra, taldetik eta indarkeriatik aldendu egin behar du, eta eragindako mina aitortu". Ordoñezek azaldu du Parisi galdetuko diotela presoei eskaerak egingo dizkien ala ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.