Parisera eraman dituzte Gurrutxaga eta Aranburu
Oroitz Gurrutxaga eta Xabier Aranburu Parisera eraman zituzten atzo arratsaldean, Miarritzeko aireportutik abiatu zen hegaldi batean. Ustezko bi etakideak igandean atxilotu zituzten, Landetan, Mont de Marsandik gertu, Caunan herrian. Abantzu bi egunez Baionako polizia etxean galdekatu ondoren,Parisera eraman dituzte, Levallois-Perreteko polizia etxean galdekatzeko. Poliziak aditzera eman duenaren arabera, litekeena da bertze bi egunez luzatzea galdeketa, eta ostegunean aurkeztea askatasun epaileari.Bertze alde batetik, Espainiako Auzitegi Nazionalak Aranburu estraditatzeko eskatu dio Frantziari, ustezko delitu kasu batzuengatik. Segi gazte erakundeko kide izatea eta 2000-2005 artean kale eraso batzuetan parte hartzea egotzi diote, batetik. Ondoren ETAko Kresala komandora pasatu zela dio auzitegiak, eta erakundeak 2005ean Avilan (Espainia) egindako atentatu baterako furgoneta bat utzi izana. Halaber, Fiskaltzak Auzitegi Nazionalari eskatu dio Frantziari Gurrutxaga ere Espainiaratzea galdegiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu