Parlamentu taldea izatearen garrantzia aldarrikatu du EAJk

Erkorekak nabarmendu du Madrilen posizio irmoa izateari esker 60 milioiko inbertsioak erakarri dituztela EAEra

Andoni Ortuzar eta Josu Erkoreka elkar agurtzen. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Josu Erkoreka EAJren Bizkaiko zerrendaburuak atzo Bilbon aldarrikatu zuen Espainiako Kongresuan jeltzaleek parlamentu taldea izatea oso garrantzitsua dela.Erkorekak argitu zuen Eusko Alderdi Jeltzaleak Kongresuan posizio irmoa eta indartsua izanez gero sendoago jokatzeko aukera izan ohi duela. Horri esker, azken legealdian, Euskal Autonomi Erkidegora 60 milioira arteko inbertsioak erakarri direla azpimarratu zuen, «horietatik erdiak Bizkaian izan dira».

Bilboko Campos antzokian batzartu ziren EAJren hautagaiak —Josu Erkoreka, Iñaki Anasagasti Senaturako zerrendaburua, Aitor Esteban eta Pedro Aspiazu— Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiarekin eta Bizkaiko hainbat alkate eta hautetsi jeltzalerekin batzartu ziren. Han zen ere Andoni Ortuzar EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidentea.

Bertan, Erkorekak azaldu zuen Madrilgo Kongresuan lortutako inbertsioak eguneroko bizitzan eragina izan dutela. «Madrilen kudeatzen jakin dugun diru horrekin Bilboko itsasadarreko kaia konpondu ahal izan dugu eta Getxoko Antzokia eraiki dugu, baita beste hainbat proiektu Gorlizen, Balmasedan, Abanton, Santurtzin...», azpimarratu zuen Erkorekak.

Erkoreka prest azaldu da «Madrilen Euskadiren ahotsa» izaten jarraitzeko, eta bulegoko ateak irekita daudela adierazi zien alkate eta hautetsiei: «Zuek zuen herritarren ahotsa zarete, eta zuen proiektuak herritarrenak dira». Erkorekak azaldu du legealdi honetan EAJk «negoziatzeko indarra» izan duela, eta posizio estrategiko horri esker «ontzia» ez dela hondoratu. Era berean, lorpenen artean eskumenen transferentziak eta kontzertu ekonomikoaren blindajea azpimarratu zituen.

Ortuzarrek ere diputatu jeltzaleen garrantzia azpimarratu zuen: «Historia bake, normalizazio eta elkarbizitzaren moduko hizki larriz idazten da, baina baita hizki txikiekin ere. Adibidez, Madrilen EAJren diputatuek egiten duten lana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.