Erietxe publikoetan abortuak egitea bermatzeko eskatu dio parlamentuak, baina bereari eusten dio Nafarroako Gobernuak. «Nafarroan abortatzeko eskubidea bermatzen da. Hor dago Antsoaingo klinika pribatua», esan du Yolanda Barcina presidenteak. Antzera mintzatu da Marta Vera Osasun kontseilaria: «Nafarroak zorrotz betetzen jarraituko du abortuaren legea, baina baita bizitzeko eskubidea bermatzen ere». Parlamentuaren agindua bete dadin, PSNren teilatuan ikusten dute orain pilota Bilduk eta NaBaik. «Gobernukideari presioa egin beharko lioke, parlamentuaren agindua betetzeko. Mozioaren alde bozkatu zuen, eta, beraz, arduraz jokatu beharko luke. Ulertezina litzateke gai horretan isilik geratu eta gobernuaren jarrera babestea», esan du Bilduko parlamentari Bakartxo Ruizek. Otzan ikusten dute, ordea, PSN, UPNri presioa egiteko asmorik gabe. «Lehen, diskurtso sakon bat zuen gaiaren inguruan. Orain, ordea, oso gainetik defendatzen du», nabarmendu du NaBaiko parlamentari Asun Fernandez Garaialdek. Horrenbestez, uste dute gobernuak parlamentuaren eskariei entzungor egiten jarraituko duela.
2010eko ekainaren 24an Nafarroako Parlamentuak Osasunaren Legea aldatzea onartu zuen, PSNk proposatuta. Horren xedea zen emakumeek Nafarroan abortatzeko modua izatea. Izan ere, ordura arte Nafarroako Gobernuak beste herrialde batzuetara bideratzen zituen andreak abortatzea. Orduan, Miguel Sanz zen Nafarroako presidentea, eta argi esan zuen ez zutela jokabidez aldatzeko asmorik. «Legea osoki betetzen dugu, eta medikuen kontzientzia eragozpena errespetatzen dugu».
Iaz, Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu zuen Antsoainen abortuak egiteko zabaldu zuten klinika pribatu batekin. Egoera ez da askorik aldatu itunarekin: «Horrekin egin dutena beren burua zuritzea da. Egoerak berdin jarraitzen du. Nafarroan emakumeek ezin dute erietxe publikoetan abortatu», azaldu du Ruizek. «Bidegabea» iruditzen zaio egoera. «Zergatik ordaindu behar zaio klinika pribatu bati, osasun publikoak bermatu beharko lukeen zerbitzu batengatik?», egin du galdera Ruizek. Nafarroako Gobernuak erabili duen argudioa da Osasunbidean baino 100 euro merkeagoa dela erietxe horretan abortuak egitea. Ruizi «harrigarria» egiten zaio hala izatea: «Kontu Ganberari txosten bat eskatu diogu». Salatu du, gainera, Osasunbideak ondoren ordaindu egiten dien arren abortatu nahi duten andreek dirua aurreratu behar dutela.
Nafarroako Gobernuak beti defendatu du medikuen kontzientzia eragozpena errespetatzeko jokatzen duela horrela. Garaialdek ez du uste hala denik. «Gezurra da erietxe publikoetan abortuak egin nahi dituzten medikuak ez daudenik». Ruizek gogorarazi du hainbat sendagilek publikoki esan dutela prest daudela abortuak egiteko.
Lege aldaketa
Garaialde eta Ruiz kezkatuta daude Espainiako Gobernuak Abortuaren Legea aldatu nahi duelako. Lege horrekabortu librea bermatzen du hamalaugarren astera arte. PPren gobernuak, ordea, 1985eko legea berreskuratu nahi du. Lege hark hiru kasutan baimentzen zuen abortua: haurdunaren bizia arriskuan zegoenean, fetua arriskuan zegoenean eta haurdunaldia bortxaketa baten ondorioz zenean. «Lege hori berreskuratzea atzerapausoa litzateke», esan dute biek. Ruiz beldur da Espainiako Gobernuak oinarrizko osasun zerbitzuetatik ken dezakeelako abortua. «Horregatik eskatu diogu Osasunbideari datorren urtetik aurrera bere gain hartzeko».
Oraingoz ez dute erantzunik jaso. «Ez dugu gobernuaren aldetik borondate politikorik ikusten jarreraz aldatzeko», esan du Ruizek.UPNren eta PSNren artean gaiaren inguruan izan daitezkeen desadostasunez galdetuta, Garaialdek eman du erantzuna: «Badakite gaiak sortzen duela desadostasunik euren artean, bainaondo lotuta dauzkate gauzak».
Abortua Nafarroan
Parlamentuaren eskariei entzungor
NaBaik eta Bilduk salatu dute Nafarroako Gobernuak Antsoaingo klinika pribatuarekin hitzarmena izan arren oraindik ez duela bermatu lurraldeko erietxe publikoetan abortatzeko eskubidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu