Irailaren 8an, Kontxako estropadaren bigarren jardunaldian, "olatu" bat osatzera deitu du Herrira mugimenduak gaur goizen eginiko agerraldi batean, 197/2006 doktrina "hondoratzeko". Oroitarazi dutenez, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak epe laburrean jakinaraziko du Ines del Rio presoaren kasuari buruzko behin betiko epaia, erabakigarria izango dena 197/2006 doktrinarekin zigortutako preso guztientzat, 70etik gora egun.
"Urteak daramatzagu lanean doktrina hori indargabetzeko. Ehunka dinamika sustatu ditugu herriz herri, agerian utziz gehiengo sozial zabal batek salbuespen neurri guztien amaiera nahi duela eta hala eskatzen ari dela". Herritarron Epaia ekimena martxan jarri zuen mugimenduak ekainean. "Uda honetan zehar, gizartearen borondatearen testigantza izaten ari den kaiera handi honek Donostian izango du berriro hurrengo geltokia".
"Azken txanpan" sartzen ari da ekimen sorta, eta herritar orori dei egin dio Herrira-k irailaren 8an Donostiako Bulebarrera joatera. "Guztion ekarpenarekin, eskuz esku, inoiz baino indartsuago boga egireko garaia da. Herritarrak gara protagonista nagusiak. Bidegabeki zigorra luzatzen duen doktrina indargabetu eta giza eskubide guztien errespetatuaren bandera irabaztera goaz".
13:30etan osatuko dute "marea urdina" osatuko dute. "Guztiok batera, ilaratan eserita, zapi urdinak eskuetan hartu eta arraun eginez, 197/2006 doktrina hondoratuko duen olatua osatuko dugu".
Bihar, ur harresia
Biharko, berriz, "ur harresia" osatzera deitu zuen Eleak-ek Donostian. Gizarteak “presio nahikoa” egiten ez badu epaiketa politiko “bidegabe” gehiago egingo direla ohartarazi zuen Eleak mugimenduak. Estropaden lehen igandea baliatuko dute protesta egiteko.