Eusko Legebiltzarrean presoen aurkako "salbuespen legeak" indargabetzeko eskatu dute, eta Parot doktrina ezarrita duten presoak "berehala" aske uzteko.
EH Bilduren ekimenez heldu da testua legebiltzarrera. Horretan gogoratzen da Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi zuela legez kanpokoa zela doktrina hori, "ez bakarrik Ines del Rioren kasuan", "ezarri zaien euskal preso guztienetan" baizik.
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak esan du egungo sistemak "bizi bitarteko zigorra" ezartzen duela, eta "mendekuari" erantzuten diola. Arzuagak salatu du "tranpa" horren bitartez, presoari "kalte" egiten dion metodoa aplikatzen dela. Gainera, egoeraren aurrean Espainiako Gobernuari "entzungor" egitea leporatu dio.
EAJko Maribel Vaqueroren ustetan, legea ezin da "mendeku izpiritu batetik aplikatu", eta presoen eskubideak bermatu egin behar dira. Rodolfo Ares PSEko legebiltzarkideak EH Bilduri leporatu dio "preso politikoez" hitz egin nahi izatea behin eta berriz. Gainera, uste du koalizioa "engainatzen" ari dela presoei, "irtenbide kolektiboetara itxaropena" ematen ari zaielako.
PPko Nerea Llanos eta UPDko Gorka Maneiro proposamenaren aurka agertu dira. Maneirok "gizartearekiko iraina" dela iritzi dio EH Bilduk "giza eskubideez" hitz egiteari, "ETA inoiz gaitzetsi ez duenean".