Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 197/2006 edo Parot doktrina deritzon irizpidea ontzat eman izana «oso larria» da, Gernikako Akordioa sinatu duten eragile politiko, sindikal eta sozialen ustez. Espetxealdiak luzatzea onartuz «bizi guztiko zigorra» legeztatu dela iruditzen zaie, eta seguru daude «gatazkaren konponbidearen aurkako erabakia» baino ez dela. «Estatuak argi utzi du ez duela gatazkaren konponbide politiko eta demokratiko bat nahi», salatu dute LABeko Jabi Garnikak eta TATeko Lorea Bilbaok, sinatzaileen izenean. Egoerak «muturreko larritasuna» duela ulertuta, gogor protestatu behar dela ondorioztatu dute. Nazio manifestazioa antolatu dute apirilaren 14rako, Bilbon.
Gernikako Akordioaren sinatzaileen ustez, euskal herritar gehien-gehienek «bake eta konponbide nahien aurkako eraso zuzen gisa» hartu dute Auzitegi Konstituzionalaren «erabaki politikoa». «Estatuko botere eta aparatuek agerian utzi dute Euskal Herrian sortutako egoera berrian euren borondatea zein den», ohartarazi dute: «Estatuak argi utzi du ez duela nahi gatazka politikoki eta demokratikoki konpontzea». Areago, uste dute «blokeo egoera betikotu» nahi duela, «sortutako aukera ustel dadin eta horrela bakea eraikitzeko aukera oro zapuztu dadin».
Hori ikusirik, Gernikako Akordioa izenpetu duten eragileek «aterabide demokratikoak erdiesteko konpromisoa» berretsi dute. Hasitako prozesua bururaino eramateko «konpromiso osoa» dutela adierazi, eta «euskal herritar guztiak garaile izango diren aterabide demokratikoraino eta giza eskubide guztien errespeturaino» iristeko lanean jarraituko dutela hitzeman dute.
Baina horretarako euskal gizarte osoaren parte hartzea eta babesa ezinbestekoa dela diote; «baita gaur egun Gernikako Akordioa izenpetzen ez duten eragile horiena ere». Izan ere, sinatzaileen esanetan, «konponbide prozesuaren parte aktibo» izan behar du euskal gizarteak, eta «haren mobilizazioak prozesuaren garapenaren berme izan behar du».
Parot doktrinaren moduko «mendeku eta salbuespeneko neurria» babestea erabat larriadela sinetsita erabaki du nazio manifestazioa antolatzea. Leloa eta izaera ez dute oraindik zehaztu, ordea. Protestak akordioak biltzen dituen eragileetatik haragokoa izan behar duelakoan, «Euskal Herriko eragile guztiekin» harremanetan jarri ondoren zehaztuko dituzte protestaren nondik norakoak.
Abokatuen kezka
Eskubideak abokatuen elkarteak ere gogor egin du Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren aurka. Salatu du ez duela kontuan hartu «edozein arau interpretatzerakoan aintzat hartu behar den errealitate soziala»; «areago, ematen du interpretazioa errealitate sozialaren kontra egin nahi izan duela». Hala aritzea legez kontrakoa dela eta «une historiko honetan benetan arduragabea» dela ohartarazi du.
Abokatuek azaldu dute «euskal legelari gisan» bide horrek «benetako kezka» eragin diela. «Oso aurrekari okerra» izanik ere, auzitegia aurrerantzean bide beretik jarraitzeko prest dagoela iruditzen zaie. Gainera, salatu dute erabakia «irizpide juridikoen gainetik irizpide politikoak gailenduz» hartu dela.
Beraz, halako neurriak ikusirik, oinarrizko eskubideen alde «tinkotasunez eta zuhurtziaz» aritzeko deia egin die elkarteak euskal legelariei zein gizarteari.
Erabaki politikoa
Presoen senideak biltzen dituen elkartea ere, Etxerat, seguru dago Konstituzionalaren erabakia «politikoa» izan dela; «ezin da beste modu batera ulertu». Epaiaren ondorioz, kalean behar luketen preso ia-ia guztiek espetxean jarraitu beharko dutela salatu, neurria «onartezina» dela adierazi eta «erabat gaitzetsi» du erabakia. Senideen elkarteak gaur egingo du gaiari buruzko hausnarketa sakonagoa.
'Parot doktrina' salatzeko martxa bat antolatu du Gernikako Akordioak
Nazio manifestazioa egingo du Bilbon 14an, Auzitegi Konstituzionalak babestutako «mendeku eta salbuespen neurriaren» aurkaOhartarazi du «konponbidearen aurkako erabakia» dela Konstituzionalaren epaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu