Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu du Troitiñok, eta bere abokatuaren galderei erantzun die soilik. Ukatu egin du 2011n aske geratu ostean ETArekin harremanetan jarri zela, laguntza edo gomendiorik eskatu ziola, eta ETAk nortasun agiri faltsuak eman zizkiola Erresuma Batura joan ahal izateko. "Kalean nagoenetik, ni ez naiz sekula harremanetan jarri [ETArekin], eta gaur egun ere ez dut kontakturik", adierazi du Zigor Salako lehenengo sekzioko epaimahaiaren aurrean.
Azaldu duenez, berriz espetxeratu behar zutela jakin zuenean alabaren etxean zegoen, Hendaian (Lapurdi), eta ez zitzaion zentzuzkoa iruditu kartzelan berriz sartzea, zigorra betea zuelako; are, 2008tik kalean egon behar zuela azpimarratu du, baina Parot doktrina ezarri ziotenez beste hiru urte egin zituela espetxean.
24 urte preso egin ondoren, 2011n kaleratu zuten, eta 2012an atxilotu zuten, Londresen. Hara joan aurretik, Troitiño aske geratu izanak zarata mediatiko handia sortu zuen Espainian.
Parot doktrina betea zuen Troitiñok, baina "akats burokratiko batengatik" behar baino lehenago aske geratu zela iritzita —auzitegiaren kontaketa berri baten arabera, 2017ra arte jarraitu behar zuen preso—, fiskaltzak galdegin zuen haren atxilotzea eta estradizioa; ordurako, Erresuma Batuan zegoen.
Hamabost hilabete geroago, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak indargabetu zuen doktrina, eta estradizio eskaera atzera bota zuen Westminsterreko Auzitegiak; aske geratu zen orduan.
Ondoren, ETAn berriro sartzea leporatu zion Espainiako Justiziak. 2016ko abenduan berriz atxilotu zuten, eta paperik gabekoentzako atxilotze zentro batean egon zen, auzibide gorabeheratsu baten ostean, iazko maiatzean Espainiaratu zuten arte.
Fiskaltzak Troitiñori leporatzen dio erakunde terroristako kide izatea eta delitua berriz egitea. 11 urteko espetxe zigorraz gain, 20 urteko erabateko inhabilitazioa eta bost urteko zaintzapeko askatasuna galdegin du. Fiskaltzak froga gisa jarri du Troitiñok, atxilotu zutenean, nortasun agiri faltsuak zituela, eta esan du horiek ETAk eman zizkiola.