197/2006 doktrina (Parot doktrina) ezarri izan dieten hogei euskal presori buruzko helegiteak aurkeztuko dituzte haien abokatuek datorren astelehenean Estrasburgon, Europako Giza Eskubideen Auzitegian, Herrira mugimenduak gaur arratsaldean iragarri duenez. Amaia Izko eta Olivier Peterrek aurkeztuko dituzte helegiteak.
Herrira-k dio Espainiako Justiziak orotara 67 euskal presori ezarri izan diela doktrina hori. Europak orain arte horrelako kasu bat jorratu izan du, eta doktrinaren aurkako epaia eman du.
Hain zuzen, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rio presoaren zigorraren kontrako epaia eman zuen joan den uztailaren 10ean. Espainiako Justiziak hari luzatutako zigorra bidegabetzat jo zuen Estrasburgok; presoa aske uzteko eta hari 30.000 euroko kalte-ordaina emateko eskatu zion Espainiari. Presoa libre utzi edo ez Espainiako Gobernuak erabakiko du. Urriaren 4an Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaiari helegitea jarri zion PPren exekutiboak.
Del Riok 2008an behar zuen libre, legeak ezartzen duen espetxe zigor handiena beteta, baina 2017ra arte luzatu zion zigorra Espainiako Auzitegi Nazionalak, aipatutako doktrinan oinarrituta. 1987ko uztailean atxilotu zuten, ETArekin lotuta.
Espainiak urratutako artikuluak
Europako Giza Eskubideen Hitzarmeneko 7. artikuluan oinarrituz, defentsak argudiatu zuen ezin dela zigorrik ezarri hori bermatzen ez duela legerik ez bada, eta salatu zuen Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak atzeraeraginezkoak izatea. Del Riok kartzelan segitzea 5. artikuluaren aurkakoa dela zioen defentsak —askatasunerako eta segurtasunerako eskubidea jasotzen du artikulu horrek—. Europak bi artikulu horiek urratu izana egotzi zion Espainiari.
14. artikulua ere aipatu zuen defentsak, diskriminazioaren debekuaz diharduena. Defentsaren esanetan, 197/2006 doktrinaren aplikazioak helburu politikoak ditu.
Auzitegi Gorenak 2006ko otsailaren 20an ateratako sententzia bat da Parot doktrina. Horren bidez, espetxe onurak espetxe zigor bakoitzari aplikatzen zaizkio, eta ez presoak guztira bete beharko lituzkeen gehienezko 30 urteko kopuruari, 2006ra arte egiten zen bezala.