Turismoa

Parte Zaharrean bizitzeko eskubidearen aldeko manifestua aurkeztu dute Donostian

30 herritar ezagunek sinatu dute agiria. "Eraberritze neurririk berehalakoan hartu ezean, auzoan bizitzea ezinezkoa izango da laster", ohartarazi dute.

Turistak Donostiako alde zaharrean. JUAN CAROS RUIZ, ARGAZKI PRESS
Samara Velte.
2017ko abuztuaren 2a
10:37
Entzun

"Parke tematiko gastronomiko" batean bizi diren sentsazioa daukate Donostiako Parte Zaharreko herritarrek. 29 biztanleko ostatu bat dago auzoan, baina ez dago kultur etxerik edota kiroldegirik, ezta auzo arruntetan egon ohi diren beste zerbitzu batzuk ere. Bertako ikastolak ere espazio arazo larriak ditu. "Bizi kalitate eskasa daukagu", salatu dute Parte Zaharrean Bizi elkarteko kideek. Auzoko 30 pertsona ezagunen sinadurak bilduta, Donostiako Parte Zaharrean bizitzeko eskubidearen aldeko manifestua aurkeztu dute gaur goizean udaletxean; besteak beste, Klara Badiola aktoreak, Beñat Gaztelumendi bertsolariak, Koldo Telleria arkitektoak eta Sabino Ormazabal kazetari eta ekintzaileak sinatu dute.

Piter Ansorena musikariak hartu du haien ordez hitza. Enpresa batzuek “neurri guztiak” gainditu dituztela salatu du: “Terrazek dakarten zarata, kontzertu neurrigabeak, etxeetara sartzeko zailtasunak, deskargak, zaborra...”. 6.000 biztanleko auzoan, turistentzako 1.600 ohe eskaintzen dira. Gune batzuetan, nabarmena da saturazioa: Abuztuaren 31ko kalean, esate baterako, 36 apartamentu turistiko eta bost pentsio daude; turistentzako alokairuen %84k ez dute legedia betetzen. “Nahikoa duzue pisu turistikoa daukan etxe batean bizitzea, hori zer den jakiteko. Lau egunetik behin aldatzen dira biztanleak, gaueko hiruretan iristen dira maletatzarrekin, lau kabitzen diren lekuan hogei sartzen dira, ordu txikietan izugarrizko bolumenak, ez dituzte ezagutzen komunitateko arauak...”. Aste Santutik urrira, “astean lau egun eta erdian” legezkoa baino zarata maila altuagoak izaten dituztela azaldu du Xabier Arberasek, Parte Zaharrean Bizi elkarteko kideak, eta bizilagun batek grabatutako bideo bat erakutsi du: leihopean, pertsona talde handi bat ari da oihuka. “Auzokide honek taberna bat du etxepean, eta pisu turistiko bat ezkaratzean. Eta hau legezkoa da”.

Legealdi honetan, 200 salaketa baino gehiago jarri ditu auzo elkarteak. Udalak, ordea, ez die erantzun asebetegarririk eman: “Ordezkari batzuek entretenitzen gaituzte arazoa konpondu behar dela esanez”, kexu da Ansorena: “Hilabeteak pasatzen dira, baina neurri aldetik gutxi edo batere ez dituzte hartzen, eta beti berandu. Ez daukagu konfiantzarik agintariengan”. Parte Zaharraren osaera “politika instituzional planifikatu” baten ondorio dela nabarmendu du, eta Donostian ostalaritza eta turistentzako zerbitzuak lehenetsi direla urteetan. Bertakoen beharrak bigarren mailan geratu dira: “Etxeetan toldoak jartzea debekatuta dago, baina tabernek badituzte. Edozein antropologok daki horrek zer adierazten duen: espazio publikoa norena den”. Anbulantziek, suhiltzaileek eta mugikortasun arazoak dituztenek auzoan ibiltzeko zailtasunak dituztela salatu du, eta auzoko ikastolaren adibidea jarri du: “Orixe ikastolako gurasoek urteak daramatzate negoziatzen, leku falta daukagulako gure haurrentzat. Eta, inorekin kontsultatu gabe, Orixek Zuloaga plazan duen irteeran, guraso mordoa itxaroteko elkartzen den lekuan, terraza bat jarri dute”.

Euskara gutxiago entzuten da

Ez da fenomeno isolatua. “Europako hiri guztietako kasko historikoetan ari da antzeko prozesua gertatzen, berdin da Bartzelonan, Madrilen, Parisen, Turinen edo Lisboan”, azaldu du Arberasek. Ada Colau Bartzelonako alkatearen aipu bat ekarri du gogora: "Auzo baten ohe turistikoen ratioa %6,7 baino handiagoa bada, auzo horren kohesio soziala arriskuan dago. Bada, Parte Zaharrean laukoiztu dugu ratio hori".

Egoera hiriko beste auzoetara ere heda daitekeela ohartarazi du Ansorenak: “Batzuek esaten digute badakigula zer daukagun, Parte Zaharrean bizitzeagatik. Bada, ni Konstituzio plazan jaioa naiz, eta ez da beti horrela izan. Azken 30 urteotan ari da okertzen, eta azkenekotan abiada bizi-bizian”. Parte Zaharreko gazte asko “etsian” ikusten ditu musikariak, alokairuak, batez beste, 200 euro garestitu direlako. “Prozesu honen amaiera, denona, antzekoa izango da”, ohartarazi du Arberasek: “Frankiziak iritsi dira, multinazionalak, ikusi dute dirua egiteko meategi bat, eta betiko ostalariak ordezkatzen ari dira. Ez daukate loturarik gure auzoarekin, ezta gure kulturarekin edo hizkuntzarekin ere”. Euskara gutxien entzuten den alde zaharren zerrendan, Donostia laugarrena da: “Errazago entzungo duzu frantsesez edo ingelesez. Eta Donostiako Parte Zaharra gune euskalduna da berez”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.