Pasaiako kanpoko portuko lanak oraindik hasi gabe badaude ere, Gipuzkoako Diputazioak badia biziberritzeko «jarduera partzialak» egingo ditu. «Pasaia berrituko dugu, kanpoko kaia hasi gabe ere». Halaxe baieztatu zuen atzo Arantza Tapia Gipuzkoako Mugikortasun diputatuak Batzar Nagusietako Garraio eta Lurralde Antolaketako Batzordean egindako agerraldian. Dena dela, Tapiak zehaztu zuen «ezinezkoa» dela badia osoki biziberritzea portuko jarduerak egungo tokitik atera gabe. Horregatik, haren irudiko, Jaizkibelgo itsaslabarretan beste portu bat egitea «ezinbestekoa» da.
PSE-EEren eta EBren eskariz hitz egin zuen atzo Batzar Nagusietan. Alderdien zalantzak uxatu nahi izan zituen Tapiak, eta Diputazioak Pasaia biziberritzeko eta leku horiek beste zerbaitetarako erabiltzeko «apustua» egin duela argitu zuen. Zentzu horretan, orain arte egindako hainbat jarduera gogorarazi zituen, hala nola: Herrera iparraldeko jardueren lekualdatzea, eraisteen finantzaketa, Gomistegiko sarrera berriak, Pasaiako Udalarekin hartutako konpromisoak eta lonja berria. Aurrera begira dituzten asmoak ere aurreratu zituen, eta laster Jaizkibia erakunde publikoari Herrera iparraldeko eta mendebaldeko lursailak salduko dizkietela argitu zuen, hiri erabilerarako. Halaber, Lezoko intermodala lau urte barru eginda egotea espero du. Horregatik, Tapiaren arabera, kanpoko kaiko lanak hasi bitartean, posible da biziberritzean pixkanaka eta epeka urratsak egitea. EB ados dago asmo horiekin, «Pasaiaren biziberritzea ezin baita gehiago atzeratu».
«Pasaia berrituko dugu, kanpoko kaia hasi gabe ere»
Gipuzkoako Diputazioak zehaztu du «ezinezkoa» dela badia osoki biziberritzea, portuko jarduerak atera gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu