Datozen 15 urteetan Donostiaaldeko eta Behe Bidasoako hamahiru udalerriei eragingo dienLurralde Antolaketarako Plana jarri dute egun hauetan Donostiako Aquariumean jendeak ikusteko. Planak bi helburu nagusi ditu: Pasaiako badia biziberritzea eta Irun inguruko trenbide sarea berritzea. Eraikiko diren azpiegituren ondorioz, lurraren okupazioa %15etik %18ra igoko da. AHTa abian jartzea, Donostiako bigarren ingurabidea Pausuraino zabaltzea, Hondarribiko aireportua handitzea eta 40.000 etxebizitza eraikitzea dira, besteak beste, jasotzen diren proiektu eta aukeretako batzuk.
Errepideak
Berrikuntzak, baina gaur egun eraikita daudenak baliatuz
Egungo errepideak «ahalik eta gehien baliatzea» da Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren erronka. Epe laburrera dituzten proiektu nagusiak hauek dira: Urumeako autobiaren Andoaingo lotura amaitzea, N-1aren ibilbidea berritzea etazabaltzea Andoaingo Bazkardo eta Sorabilla auzoen artean, eta A-8an beste lotura bat Donostiako Ospitalea eta Martutene auzoa lotzeko.
Epe ertainera, berriz, A-8an beste lotura bat egiteko asmoa dute Lezo-Gaintxurizketa korridorean zuzenean sartzeko. Horrekin batera, A-8tik zuzenean Irun erdialdera sartzeko lotura bat egitea jasotzen du planak, tren geltokira errazago iritsi ahal izateko.Lehen mailako banaketa bide bat egingo dute Lasarte-Oria etaN-634 errepideen artean.
Donostiako bigarren ingurabidea Iruneraino zabaltzea da epe luzerako beste proiektuetako bat. N-121 errepidea bikoiztea ere jasotzen du planak.
Trenbide sarea
AHTa abian jartzea eta egungo sarea hobetzea
Salgaiak garraiatzeko trena da, bi erakundeen arabera, garraiobiderik aproposena. Alor horretan bi erronka nagusi ezartzen dituzte: abiadura handiko trena abian jartzea, eta egungo trenbide sarea hobetzea, batik bat Irun inguruan.
Egungo trenbide sarea berritzeko, aldiriko geltoki berriak eraikitzea, egungoetan hobekuntza lanak egitea eta hainbat tokitan bidea bikoiztea da asmoa. Bertan sartuko litzateke Donostialdeko metroaren proiektua.
AHTari dagokionez, ontzat ematen dituzte Urumea bailaratik doan ibilbide nagusia, Astigarragako ibilbide luzeko geltokia eta Donostia erdialderainoko sarbidea. Gainera, AHTaren Irunerako sarbidearen ibilbidea Pasaiako kaiak -egingo balitz kanpokoak- izango lituzkeen beharretara egokitzea eskatzen du planak.
Aldiriko sarea indartuz, ez dute beharrezkoa ikusten Donostian tranbia eraikitzea.
Kaia
Kanpoko kaia, baina beste aukerak baztertu gabe
Pasaiako badia biziberritzea da planaren helburu nagusietakoa. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundia kanpoko kaia egitearen aldekoa da. Baina Arantza Tapia Lurralde Antolamendu diputatuak argi utzi du ez dutela horren inguruko erabaki bat hartu arte itxarongo biziberritze hori hasteko.
Planean, gainera, hiru aukera aurreikusten dira Pasaiako kaiarentzat. Horietako bitan ez da kanpoko kaia eraikitzea aurreikusten. Lehenengo aukeran egungo portuari eustea defendatzen da, beti ere berrikuntzak eginez. Bigarren aukerak portua berritzearen alde egiten du, zentral termikoa itxiz eta burdineriaren trafikoa ezabatuz. Hirugarren aukera da kanpoko kaia eraikitzeko aukera jasotzen duen bakarra.
Aireportua
Handitzearen alde
Aldundiaren eta Jaurlaritzaren arabera, Hondarribiko aireportuaren joan-etorrien murriztea ez litzateke berdinduko AHTaren jarduerarekin. Hori dela eta, baztertu egiten dute aireportuaren jarduera murriztea edo beste leku batean jartzea. Hala, planean aireportua handitzearen alde egiten dute. Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak aireportua handitzeko adostutako egitasmoa ikusten dute egokien. Horren arabera, Mendelura 150 metro eta badiara beste 50 luzatuko dute hegazkinentzako pista, segurtasun tarteentzat lekua egiteko. Irungo aldiriko trenen geltokitik aireporturaino anezkako zerbitzu publiko bat jartzeko beharra ere ikusten dute, baina ez dute zehazten nola egingo den.
Etxebizitzak
35.000tik gora eraikiko dirahamahiru udalerritan
Lurralde planean jasotakoaren arabera, 2025. urtera bitarte 35.000 eta 40.000 etxebizitza artean eraikiko dira Donostia aldeko eta Behe Bidasoako hamahiru udalerritan. Udalerri guztietan eraikuntza erritmoa antzekoa izatea espero dute. Donostia-Astigarraga-Hernani korridorean eraikiko dituzte etxebizitzen erdiak.
Besteak
Bidegorri sarea indartzen jarraitzeko beharra
Orain urte batzuk hasitako apustuari eutsiz, bidegorri sarea indartzen jarraitzeko beharra ikusten dute. Horrekin batera, hiri arteko nahiz hiri inguruko landa parkeen sorrera bultzatu nahi dute. Astialdiaz eta naturaz gozatzeko guneak izango dira parke horiek.
Hiri arteko landa parkeak ondorengoak dira: Zabalaga, Lau Haizetara eta Usategieta. Mendizorrotz-Igeldo, Ulia, Pasaiako Bokalea, Guadalupe-Higer, Leitzaran, Urumea, Listorreta-Landarbaso, Ergoien-Arditurri eta Ibarla-Meaka dira, berriz, hiri inguruko parke berriak.
Pasaia eta Irun begiz jota
Donostia alderako eta Behe Bidasoarako Lurralde Antolaketa Plana ikus daiteke egunotan Aquariumean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu