Iragarritako berria ofizial egin du Pasaiako Portu Agintaritzako Administrazio Kontseiluak. Azpiegituren plana geratzea erabaki du, eta horrekin, beraz, kanpoko kaiaren egitasmoa bertan behera gelditu da.
Erabakia "saihetsezina" izan da, agintaritzak jakinarazi duenez, "ekimen hau sortzea eragin zuten arrazoiak bata bestearen atzetik desagertzen" joan direlako azken urteetan.
Proiektuak eragiten dien eragile publiko eta pribatuekin hausnarketa bat egin ondoren hartu dute kanpoko kaiaren proiektua, oraingoz bederen, bertan behera uzteko erabakia, gaurko bileran azaldu dutenez.
Agintaritzak espresuki adierazi du, ordea, ez duela egitasmoa baztertzen etorkizunerako, nahiz etorkizun hori noiz izan daitekeen zehaztea ezinezko suertatzen den orain.
Erabakia harturik, betiko portuaren garapena eta inguruko herriekin bateragarri egitea izango da agintaritzaren erronka hurrengo urteetan. Plan estrategiko berri bat hasiko dira egiten orain. Martxorako bukatu nahi dute.
Portuarentzako segurtasun plan berria egitea ere onartu dute bileran.