Greenpeace eta WWF talde ekologistek, eta La Herrera Herrira Pasaiako herri batzordeak helegiteak aurkeztu dituzte, Pasaiako kanpoko kaiaren (Gipuzkoa)Ingurumen Iraunkortasunari buruzko txostenaren aurka. Aste honetan, erabaki bera hartu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EAk.
Proiektua ingurumenarentzat kaltegarria dela argi dagoela diote hiru taldeek. Greenpeacek, itsasoko eta Jaizkibel mendiko ehun hektarea suntsitzea bultzatzen ari dela egotzi dio Portu Agintaritzari. Horrez gain, ekologisten arabera, txostenean ez da argitzen kanpoko portuaren proiektuak zenbateko kostua izango duen; baliabide naturalen erabilpenak nolako eragina izango duen ez du azaltzen, ezta kanpoko portuan zein energia hornikuntza eraikiko dituzten ere.
WWF taldearen ustez, bestalde, txostenak ez du objetibotasunik, ezta zorroztasunik ere. WWFk esan du kanpoko kaiaren proiektua ez dela iraunkorra, eta beste aukera batzuk badaudela gogoratu du: «Egungo portua moderniza daiteke; edo, inguruko portuekin elkarlana bultzatu, Bilbokoarekin esate baterako».
«Ez gaituzte kontuan hartu»
La Herrera Herrira Pasaiako herri batzordeak ere kritikatu du Portu Agintaritzak aurkeztu duen txostena. Azaldu duenez, herriari bizkarra emanda egin da proposamena: «Ez dituzte kontuan hartu guk aurkeztu ditugun agiriak, 6.000 herritar baino gehiagoren sinadurak ere». Batzordearen iritziz, proposamenaren lehen helburua kanpoko portua finantzatzeko gainbalioak lortzea da: «Lehenengo dirua lortu nahi dute, beste guztia bigarren mailan uzten dute».
Pasaiako portuaren txostenari helegite gehiago jarri dizkiete
Greenpeace, WWF eta La Herrera Herrira-ren ustez, proiektuaren alde asko ezkutatzen ditu Portu Agintaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu