Sutea

Pasaiako portuko sutea kontrolpean dute suhiltzaileek

Portuan pilatutako txatar muino batek hartu du su eguerdian, eta ke zutabe handia eragin du. Eusko Jaurlaritzak inguruko etxebizitzetako leihoak ixtea gomendatu du.

2018ko abuztuaren 2a
07:32
Entzun

Sutea piztu da Lezon (Gipuzkoa), gaur eguerdian, Pasaiako portuko eremuan. Ke zutabe beltza sortu du suak, eta inguruko herrietatik ere ikus zitekeen, kilometrotara. Portuan pilatutako txatar muino batek hartu du su. Lau orduren ondoren, Gipuzkoako suhiltzaileek jakinarazi dute kontrolpean hartu dutela sua, baina oraindik ordu batzuetan lanean jarraituko dutela, txatarra mugitzen eta hozten, berriro su har dezan saihesteko.

Eusko Jaurlaritzak inguruko etxebizitzetako leihoak ixtea gomendatu die inguruko bizilagunei; bereziki, Lezo eta Pasai Donibanekoei. Horrez gain, haurrak sutetik aldenduta mantentzeko eskatu du, eta sutetik urruntzea eskatu die arnasteko zailtasunak dituztenei ere.

Bizilagun asko sutea dagoen eremura hurbildu dira informazio eske eta kezkatuta azaldu dira.  "Zanpatutako kotxeak omen dira erretzen ari dena. Hor erregaia eta neumatikoak daude, gai toxikoak". Gai horrekin kezkatuta, protesta egitekoak dira bizilagunak arratsaldean: elkarretaratze batera deitu dute 19:00etan, Lezoko plazan.

Jaurlaritzak azaldu duenez, emergentzia plana jarri dute abian sutearen berri izan eta berehala. Gobernuaren esanetan, suteak ez du zauriturik eragin eta portuko makinetan ere ez du kalterik sortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.