Pasaiako segadaren arduraduna Donostiako Informazio Brigadako burua izan zela deklaratu dute bi poliziak

Komando Autonomo Antikapitalistetako Pedro Mari Isart, Dionisio Aizpuru, Rafael Delas eta Jose Maria Izura hil zituen segada hartan Espainiako Poliziak, 1984an. Deklarazio horrek auzian aurrera egiteko balio dezakeela uste du kalteatuen abokatuak.

2007ko urtarrilaren 12a
15:49
Entzun
Hainbat urtetan itxita egon ondoren, Pasaiako segadaren inguruko auzia berriro irekitzea erabaki zuen Gipuzkoako Auzitegi Probintzialak 2005eko ekainean, eta diligentzia horien barruan, bi poliziak deklaratu dute gaur akusazioko abokatuen ekimenez.

Zehazki, segada gertatu zenean Donostiako komisarioa zenak eta operazioan parte hartu zuten GEO Espainiako Poliziaren gorputz bereziko arduradun zenak deklaratu dute. Batek zein besteak ez zutela segadan parte hart deklaratu dute, baina agertu dute zein izan zen segadaren arduradun nagusia: Informazio Brigadako Probintziako komisarioa.

Santiago Gonzalez sarraskian kalteatuen abokatua gustura antzera agertu da polizia horien deklarazioek emandakoarekin, segadaren arduradun nagusia nor zen identifikatu izanak auziarekin aurrera jarraitzeko bidea emango dielakoan.

1984ko martxoaren 22an Rosa Jimeno oriotarra komandokideekin Pasaiako badian hitzordua egitera behartu zuten, torturapean. Lapurditik itsasoz iritsi zirenean tiroka hartu zituen Espainiako Poliziak, eta ontzian zetozen bost lagunetatik lau hil zituzten. Joseba Merino bostgarren komandokidea izan zen bizirik atera zen bakarra. Hark behin baino gehiagotan agertu du nahita utzi zutela bizirik, Enrique Casas senadore sozialistaren heriotzarekin lotzen zutelako.

Auzia argi dadila eskatzeko zenbait lagunek elkarretaratzea egin dute epaitegiaren atarian, poliziek deklaratzen zuten bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.