Pasaiako zentral termikoa (Gipuzkoa) ixteko baimena eskatu dio Iberdrolak Espainiako Industria Ministerioari,zentrala kudeatzen duen enpresak berak jakinarazi duenez. Iberdrolak bi arrazoi eman ditu zentrala ixteko eskatzeko: energia eskaera jaitsi dela eta ingurumen arazoak sortzen dituela. Ministerioak baiezkoa emanez gero, lau edo bost hilabete baino lehen desegingo dute planta. 1967tikdago lanean, eta 2022.urtera arteko baimena zuen Iberdrolak.
Eskaera atzo eguerdian aurkeztu zuen enpresak. 67 langilek lan egiten dute egun Pasai Donibaneko egoitzan. Enpresako komunikazio arduradunek esan dute langile horiei hainbat aukera emango dizkietela. Aurre erretiroak egingo dituztela adierazi dute, eta gainontzeko beharginei Iberdrolaren beste lantegietan lanean jarraitzeko aukera emango dietela.
Greenpeace elkarte ekologista pozik azaldu da berriarekin, 2006. urteaz geroztik eskatu baitu zentral termiko hori ixteko. Pasaiakoa desegiteaz gain, beste neurri batzuk ere hartzea proposatu dio Greenpeacek Iberdrolari. Besteak beste, galdegin dio Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra ustiatzeko baimenaren luzapena ez eskatzea. «Espainiako Gobernuak energia sistemaren erreforman jarraitu behar duen ildoaren adibide bat da Pasaiako zentrala ixteko erabakia», esan du Mario Rodriguez elkarteko Espainiako zuzendariak. Ekologistak Martxan elkarteari, berriz, «oso positiboa» iruditu zaio «Euskadiko energia planta zaharrena eta kutsakorrena» ixtea.
Aralarrek nabarmendu du Pasai Donibaneko planta termikoa ixtea «gakoetako bat» dela badia biziberritzeko. Aralarreko Antolaketa idazkari Rebeka Uberak «garrantzitsua» iritzi dio erabakiari, etaenergia berriztagarrien aldeko apustua egin behar dela defendatu du. Ezker Anitzako Gipuzkoako koordinatzaile Arantza Gonzalezek, berriz, adierazi du albistea «bikaina» dela. Zentrala ixteak kaian abantailak sor ditzakeela ere esan du.
Pasaiako Portu Agintaritzako presidente Lucio Hernandori, aldiz, albiste txarra iruditu zaio itxierarena. Halere, ñabartu du ez dela erabaki «dramatikoa», uste baitu aurten behinik behin ez duela kaiaren jardueran eraginik izango: «Gure kalkuluen arabera, zentralik ez izatearen eragina %11 edo %12koa izango da». Pasaiako kanpoko kaian zentral bat —ikatzezkoa edo ziklo konbinatukoa— jartzeko plana idatzia du Portu Agintaritzak.
Pasaiako zentral termikoa ixteko eskaera aurkeztu du Iberdrolak
Arrazoi ekonomikoak eta ingurumenaren gainekoak eman dizkio enpresak Espainiako Industria Ministerioari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu