Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari ontziak baimena jaso du Palermoko portutik irten eta Pasaiara (Gipuzkoa) itzultzeko.
Ontziak noraezean zeuden 44 migratzaile erreskatatu zituen apirilaren 13an, Mediterraneoan. Horiek Parlemon porturatu zituzten, baina Italiako Gobernuak, behin kaian zeudela, erabaki zuen ontzia ikuskatzea. Itsas Salbamendu Humanitarioak azaldu du harrezkero negoziatzen aritu direla Italiako itsas autoritatearekin, baimena eman diezaioten ontziari Pasaiako portura itzultzeko. Gaur irten dira Palermotik.
Hala ere, GKEak salatu du Italia nazioarteko itsas araudiaren aurka jarduten ari dela Aita Mari-ren nabigazioa oztopatzeko, eta ia 50 egun portutik irten ezinik igaro izanak 55.000 euroko kostua eragin diola zergetan, ikuskatzeetan eta horniduran.
Erantsi dutenez, Alan Kurdi Alemaniako ontziarekin ere berdin jokatu du Italiak: «Estrategia hori Europako herrialdeen azken burutazioa da erreskatean diharduten GKEei eraso egiteko». Itsas Salbamendu Humanitarioak aitortu du berriro itsasoratzeko aukerak aztertu beharko dituztela.