Espainiako Poliziak jakinarazi zuenez, Guerrero joan den astean saiatu zen pasaportea ateratzen, astelehenean, baldintzapean kartzelatik atera eta lehen lanegunean. Sevillako epaitegira sinatzera joan zen —hori du aske egoteko baldintzetako bat—, eta ondoren Espainiako Poliziaren egoitzara joan zen, pasaportea egitera.
Poliziek, ordea, ez zioten pasaporterik egin, Espainiako Estatutik ateratzea debekatua baitu. Defentsako abokatuaren arabera, gaizki ulertu bat izan zen; pasaportea galdua zeukan, eta berria ateratzera joan zen, epaitegian entregatzeko asmoz. Guerrerori kasu egin zion langileak, berriz, beste bertsio bat eman zuen polizia txostenean: ez zuela jakinarazi pasaportea erretiratua daukala, eta ez zuela berekin eraman baldintzapeko askatasuna ezartzen duen autoa.
Fiskalak eta akusazioek Guerrero kartzelatzeko eskatu dute, baldintzapeko askatasuna urratu duelakoan. Gaur egin dute horri buruzko auzi, eta bederatzi lekukok deklaratu dute: pasaportea egiten duten bulegoko poliziak dira hiru; Guerrerok astelehen, asteazken eta ostiraletan sinatzen duen auzitegikoak beste hiru, eta Guerrerok eskatuta, haren bikotekideak, emazteak eta lagun bat ziren gainerakoak.
Auzitegiko iturriek berri agentziei azaldu dienez, "epe motzean" har dezakete erabakia: aste honetan edo hurrengoan.
Iruñeko taldeko erasoaren harira zigortutako bost gizonak ekainaren 22an atera ziren espetxetik, baldintzapeko askatasunean: astean hiru egunetan joan behar dute sinatzera, ezin dira Espainiako Estatutik irten, eta ezin dira Madrilgo erkidegora joan —han bizi da eraso zioten emakumea—. Behin-behinean aske uzteko erabakiaren aurka helegitea jarria dute akusazioek.