Datu makroekonomikoek sendotasunaren itxura eman diote Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiari. Eustatek herenegun emandako datuen arabera, Espainia, eurogunea eta Ameriketako Estatu Batuak beraiek baino azkarrago hazten ari da euskal ekonomia. Azken hamar urteetan ekonomiak bikoiztu egin du bere tamaina, eta aurtengo bigarren hiruhilekoko datuen arabera, aspaldian baino bizkorrago ari da hazten uneotan.Haizea alde duen belaontziaren itxura hartu du ekonomiak. Ala ez?
Barne Produktu Gordina hitz ekonomiko potolo da, bai, baina funtsean,lurralde batek epe jakin batean sortzen duen aberastasunaren pastel itzela irudikatzen du. Eta azken hamar urteetan nabarmen hazi da, bai, pastel hori. Haatik, ELA sindikatuak salatukoaren arabera, aberastasunaren banaketan gero eta pusketa txikiagoa dagokie langileei.
Eta hori frogatzeko datuetan oinarritu zen. Iaz, lan errenten pisua BPGaren %48,6koa izan zen, 2002koa %49,2koa zen bitartean. Galera hori ia urtero ematen dela nabarmendu du ELAk. 1993an lan errentei BPGan zegokien zatia %54,7koa zen, eta 2005era bitartean, galdu eta galdu besterik ez du egin: «Lan errenten pisua hamabi urteotako tarte horretan soilik hiru urtetan baino ez da hazi, 1998an, 2001ean eta 2002an. Gainontzeko bederatzietan gutxitu egin da.
LANGILEKO, 4.400 EURO. Hamabi urteotan langileen errentek %6,1 galdu dute, baina, kosk egindako pusketa horren benetako dimentsioa euroek ezartzen dute. Izan ere, ELAren ustez, 1993ko pusketa bera banatu izan balitzaie langileei 3.510 milioi euro gehiago esan nahiko luke, guztira. «Soldatapeko langile bakoitzak batez beste 4.400 euro galdu ditu azken urteotan aberastasunaren bilakaera medio».
Eustatek asteartean emandako datuen aurrean Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak nabarmendu zuen «inoizko sasoi onenean» dagoela, etagizartearen ongizate maila goraipatu zuen. Haatik, ELAk uste du aberastasunaren banaketa ez zaiela axola agintari politikoei: «Errealitatearen irudi propagandistikoa, osatugabea eta interesatua aurkezten dute».
Dena den, ELAk argi du egoera ez dela erakundeek «sinetsarazi» nahi duten modukoa, eta herritar guztiak ez daudela egoera berean. Izan ere 1993tik ekonomia %146 handitu bada, soldatapekoen errenta %119 handitu da. Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak «anomaliatzat» jo du enplegua sortu eta hazkunde ekonomikoa egotea baina soldatapekoen errentek pisua galtzea.
Hamabi urteotan zer gertatu den argi du baita ere. Behin-behinekotasuna nabarmen handitu da (25 herrialdetako Europako Batasunaren batez bestekoa bikoizten du) eta «jada esanguratsua den langile kopuru handi batek soldata apalak ditu». Horregatik Elorrietak uste du egoera ekonomikoaren azterketa baikorra egiten dutenei «subkontzienteak traizio egiten diela: «Kontentu daude enpresaburuei ondo doakielako».
Pastelaren pusketa, txikitzen
Hazkunde ekonomikoaren datu onaren atzean azken hamabi urteetan langileen errentak pisua galdu izana ezkutatzen dela dio ELAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu