Pastor: «ETA garaitua egotea da garrantzitsuena, ez balizko agiria»

Indarkeriaren amaieran «aurrerapausoak» ematen ari direla adierazi du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariakSu-etenik ez egoteak abertzaleen elkarlana oztopatzen du, Maiorga Ramirezen ustez

Beste herrialde batzuetan lanean diharduten berrehun euskal herritar ingururi egin die harrera Lopezek. RUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
2010eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
ETAk armak behin betiko uztea eta datorrena «bakearen urtea» izatea nahi du Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak, baina «zuhurtzia» eskatu die ordezkari politikoei indarkeriaren amaieraren inguruan mintzatzerakoan. Haren iritziz, ETAk egin behar du urratsa, jakin badakielako «sistema demokratikoaren aurkako borroka» galduta daukala. Hala, Pastorren ustez, garrantzitsuena ez da su-etena iragarrizETAk kalera dezakeen agiria, erakunde armatua «sozialki eta politikoki garaitua» dagoela baizik. Izan ere, PSE-EEko eledunak argi dauka ezker abertzaleak bere diskurtsoa aldatu badu eta ETA atzera egiten hasi bada, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren politikaren ondorioz dela.

Amaitzear dagoen urtearen balantzea egin du PSE-EEko bozeramaileak, Bilbon eskainitako prentsaurrekoan. Haren esanetan, «atzera bueltarik ez du» PSE-EEren eta PPren eskutik etorri den «aldaketa politikoak», eta ziurtatu du legealdirako zehaztutako helburu guztiak lortzeko bidean dela Eusko Jaurlaritza: besteak beste, «terrorismoa garaitzea» eta Estatutua osorik garatzea.

Patxi Lopez lehendakaria ere baikorra da indarkeriaren amaierarekin. «Terrorismoaren amaieran aurrerapausoak ematen ari gara, eta eskubide berberak dituzten euskal herritar desberdinen arteko elkarbizitza sustatzen ari gara». Hala adierazi die atzerrian bizi diren euskaldunei, Gabonak direla-eta Lehendakaritzan egindako harreran. «Euskadiko enbaxadoreak» diren heinean, «Euskadi mundura zabaltzeko» eta indarkeriaren deslegitimazioaren alde lan egiteko eskatu die lehendakariak bildutakoei.

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentearen ustez, berriz, ETAren agiria itxoiten egotea okerra da. «Ezin gara ibili ETAren soinuan dantza egiten», azpimarratu du. Haren irudiko, ETAk ezin du agenda politikoa zehaztu, eta, gainera, ez dago itxaropentsu izateko arrazoirik: «ETAtik ikasi dugu itxaropen guztiak zapuzten dituela, beraz, ezin gara lur jota geratu batzuek espero dutena esaten ez badu».

Basagoitiren irudiko, ETAren agiria positiboa izango da, baldin eta armak uzten dituela eta «eragindako samina» aitortzen duela adierazten badu. Hala ere,PPko buruak uste du ETAren borondatea egiaztatzeko modurik egokiena litzatekeela ezker abertzaleak bakearen aldeko apustuari eustea, nahiz eta aukerarik ez izan udal eta foru hauteskundeetara aurkezteko.

PPko buruak dio ezker abertzalearen mezuan «aldaketak» egon badaudela baina «zorroztasun demokratikoaren» ondorio baino ez direla. «Alderdien Legeak eta batasun demokratikoak kalte egin die ETAri eta Batasunari, eta ohartu dira armekin ezin dituztela euren helburuak lortu».

«Doako publizitatea»

EAJ ere ETAren balizko agiriazmintzatu da. Andoni OrtuzarEAJko Bizkai Buru Batzarreko presidentearentzat «etsigarria» izaten ari da erakunde armatuaren su-etena itxoiten egotea. Ortuzarrek irudipena du «norbait herri oso baten bake nahiarekin jolasten» ari dela eta ETAren agiria «doako publizitate kanpaina» egiteko erabiltzen ari dela. Horrela, ezker abertzaleari ohartarazi dio «denbora amaitzen» ari zaiola aro berrian sartu dela erakusteko.

Euskobarometroak kaleratutako azken inkestaren arabera, herritarren gehiengoa ez da ezker abertzalearen pausoekin fidatzen, eta EAJk gogoeta horrekin bat egiten duela esan du Ortuzarrek. Nolanahi ere, egungo egokiera ona izan dadin ezker abertzaleak «pauso azkarrak, ausartak eta erabakigarriak» eman beharko lituzkeela adierazi du EAJko buruak. Hala, erakunde armatuak egingo duena gorabehera, ezker abertzaleari «bide demokratiko eta baketsuen» aldeko apustu argia egitea galdegin dio.

Bide beretik jo du Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak ere. Ezker abertzaleari «argi eta garbi» hitz egiteko eskatu dio, eta ETAri indarkeria behin betiko uzteko eskatzeko exijitu dio. «Hau amaitu dela esan behar dio ezker abertzaleak ETAri, baina, gaur-gaurkoz, ez diot hori modu argian entzun». ETAtik ere mezu bera entzun nahi du Bizkaiko ahaldun nagusiak.

ETAren isiltasuna

Eusko Alkartasuneko Nafarroako idazkari Maiorga Ramirezek ere urteko balantzea egin du, eta kezkatuta agertu da ETAren balizko agiria iristen ez delako. Ramirezek uste du erakunde armatuak bere isiltasunarekin «oztopoak» jartzen dizkiola abertzaleen arteko elkarlanari. Haren ustez, armak uztea beste biderik ez dauka erakunde armatuak, eta Gernikako Itunak eta gizartearen gehiengoak egin dion eskaerari erantzun egin behar dio. Haatik, hori gertatzen ez bada, alderdiek erantzun beharko dutela azpimarratu du.

Nolanahi ere, datorren urteari begira itxaropentsu mintzatu da EAko ordezkaria. Ziur da bake aukera zabalduko dela eta «aldaketa politikoa» Nafarroara iritsiko dela. Haren irudiko, Nafarroa Bai da Nafarroan aldaketa politikoa lortzeko «sinesgarritasuna eta zilegitasuna» duen hautagaitza bakarra. Gainera, ezker abertzaleak koalizioaren ateak zabalik dituela erantsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.