Jokabidearen ekonomiari garrantzi handia ematen dio Patxi Ibañez (Bilbo, 1971) EHUko finantza irakasleak. Pertzepzioek finantza merkatuetan duten indarrari. Espainian kanpo inbertsioak igotzea «adierazle positiboa» da, baina zalantzak oraindik ere handiak dira bere ustez.
Merkatuen konfiantza berreskuratzen ari da Madril?
Pixkanaka pertzepzioa aldatzen ari da merkatuetan. 2012a, finantza aldetik, oso txarra izan zen, eta aurten hobetzen ari da. Hobekuntza argi bat nabari da.
Zelan gertatu da «hobekuntza argi hori» hain denbora gutxian?
Printzipioz, merkatuetan sumatzen ari direlako Espainiako ekonomia bideratzen ari dela. Kontuan izan behar da merkatuek puztu egiten dituztela euren erreakzioak, batez ere merkatu erabat finantzieroek. Seguruenik, iaz ere puztu egin zuten erreakzioa, orduan modu negatiboan.
Baina zerk aldarazi du inbertitzaileen iritzia?
Hainbat faktore dira. Merkatuetan moneta bakarraren inguruko zalantza handia egon da eta gogor zigortu dituzte bereziki estatu periferikoak. Behin zalantza uxatuta, konfiantza handia sortu da. Espainian, halere, datu txarrek badiraute: langabezia, defizit publikoa... Baina badira onak ere: asko hobetu da ordainketa balantza. Madrilek euroan segitzen duela eta lehiakorra dela ikusten dute merkatuek, horregatik ari da itzultzen konfiantza.
Finantza merkatuek ekonomia errealaren iragarle gisa funtzionatzen dutela esaten da.
Bai, urtebetera ekonomia errealak izango duen garapena iragartzen dute.
Atzerriko inbertsioek, gaur gaurkoz, ez dute eragin zuzenik ekonomia errealean. Noiz izan dezakete?
Zaila da neurtzea. Baliteke epe ertainean hazkundean eraginik ez izatea, baina habeak jartzen dizkiote ekonomiari.
Zelan handitu atzerriko inbertsio produktiboa?
Egoera oso ezkor batetik abiatu gara, eta horrek aukera ematen dio atzerriko inbertitzaile bati interesatzen zaion enpresa merke samar erosteko. Industria lehiakorra dugun bitartean, sartuko da atzerriko dirua.
Epe ertainera atzerriko inbertsioak handituz joango dira?
Uste dut baietz. Pertzepzio aldaketa nahiko sendoa da, epe ertainean gorabehera batzuk izan daitezkeen arren. Krisitik ateratzeko bidea luzea eta estua izango da, baina badaude faktore positiboak aldaketa iragartzen dutenak. Dena den, egia da egoera oso oso txar batetik abiatzen garela, eta edozein hobekuntzak dirudi benetan dena baino handiagoa.
Fagor Etxetresnen kasua ere hor dago. Konkurtso legean sartuta, baliteke atzerrian norbaitek zatiren bat erosteko interesa agertzea.
Merkatuak globalak dira, baliteke, adibidez, Indiako konpainia batek Fagorren zati bat erostea. Irtenbide bat izan daiteke Fagorrentzat, kooperatiba ereduarekin balio talka bat gertatu badaiteke ere. Halere, airean dauden hipotesiak baino ez dira.
Zer erakargarritasun du Espainiak inbertitzaileentzat? Eta Euskal Herriak?
Espainiaren kasuan, bereziki, aktiboak beherapenetan daudela, oso merke. Euskal Herriaren kasuan ekonomia lehiakor bat dugu, mundu mailan erreferente diren enpresak ditugu. Euskal Herrian lehiakortasuna, prezio erakargarriak eta epe ertainean hazkunderako potentziala ikusten dute inbertitzaileek.
Non ari dira inbertitzen ?
Urtebetean %50 inguru hazi da Ibex 35a, 6.000 puntutik 10.000ra igo da. Hor jada asko txikitu da irabazteko tartea. Atzerriko zuzeneko inbertsioaren kasuan geldoagoa da prozesua, enpresa jakin baten analisi sakonagoa eskatzen duelako. Bil Gatesek FCCren zati bat erosten badu, analisi zehatz bat dago atzean. Baliteke orain atzerriko inbertitzaileek ibilbide potentzial txikiagoa izatea Ibex 35ean eta handiagoa enpresen parte hartze eta zuzeneko inbertsioetan.
Inbertitzaile mota aldatzen ari da?
Bai. Epe ertain eta luzerako inbertsioak ugaritzen ari dira. Atzerriko funtsek Ibex 35ean egin ditzaketen inbertsioak askoz aldakorragoak dira. Egun batetik bestera pasa daiteke euforiatik hondoratzera. Zuzeneko inbertsioek, aldiz, egonkortasuna ematen diote ekonomiari, eta gainera, atzerriko kapitala jaso duten konpainiei beste merkatu batzuetan hazteko aukera ematen diete.
Adibidez?
Japoniako enpresa batek Espainiako bat erosten badu, aukera izango du japoniarren ezagutzak ez ezik, Tokioren bitartez beste merkatu batzuetara sartzeko. Finantzazio iturri izateaz gain, interesgarriak dira zueneko inbertsioek sortzen dituzten sinergia eta aukera berriak.
Bill Gatesen inbertsioak domino efektu antzeko bat sor dezake?
Kopuruagatik baino pisu mediatikoagatik du garrantzia Gatesenak. Konfiantza eta baikortasuna ematen dio ekonomiari. Oinarrizko elementuak dira gainera. Urteetan asko berba egin da jokabidearen ekonomiaz, pertzepzioek ekonomian duten eraginaz. Horrelako albisteak pizgarri bihur daitezke ekonomia erreala aktibatzeko, langileen ziurgabetasun eta beldurrek kontsumoa txikitzen duten bezala.
Zein sektoretan ari dira inbertitzen atzerriko kapitalak?
Etxegintzan funts putreak sartzen ari dira, mauka bila, oparitutako aktiboak erosteko. Inbertsio erabat espekulatiboak dira. Dena dela, egia da inbertsioak dibertsifikatzen ari direla. Euskal Herrian industria sektoreko inbertsioak dira garrantzitsuak, enpresen parte hartze bidezkoak.
Madril gehiegizko euforian erortzen ari direla uste duzu?
Bai. Esan bezala, merkatuek puztu egiten dituzte erreakzioak. Sakonean Espainian eredu aldaketa baten beharra dago, adreiluaren ekonomiatik balio erantsiarenera, eta Madrilek ez du apustu hori egin. Horregatik, zalantzak handiak dira oraindik.