2006ko udazkenean EAJ, Batasuna eta PSE-EEko ordezkariak Loiolan (Azpeitia, Gipuzkoa) sekretupean negoziazio politikoak egiten ari zirela, hedabide batek esan zuen Elizondon (Nafarroa) zeudela batzartuta. Rodolfo Ares PSE-EEko orduko Antolakuntza idazkaria zen Loiolako bileretan zegoen kideetako bat eta aitortu zuen ez zekiela non dagoen Elizondo, Imanol Murua Uria kazetariak Loiolako hegiak liburuan dioen bezala. Kazetariak jasotzen duenez, Loiolako negoziatzaileek uste zuten polizien entzuketetan oinarrituta-edo filtratu zela informazio hura, 'Eliza ondoan' entzun eta 'Elizondo'-rekin nahastuz. Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak kontatu zion Murua Uriari Aresen pasadizoa.
Eta gaur Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Elizondon izan da, PSNren festan. "Ez du [Elizondok] herri psnzalea ematen", dio gaur Murua Uriak BERRIA.INFOko bere blogean. "Azken udal hauteskundeetan zerrendarik ere ez zuten aurkeztu Baztanen, eta foru hauteskundeetan 264 boto besterik ez zituzten atera, botoen %6,5. Baina PSNren Arrosaren Eguna bertan egingo dute gaur, eta aitzakia horrekin muga pasa egingo du Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusi Patxi Lopezek. Rodolfo Aresi galdetu omen dio bidea".
Ekitaldian, Lopezek "abertzale erradikalei" eskatu die "[ETAren] indarkeriarekin behin betiko mozteko".
politika
Patxi Lopez Elizondon
2006ko negoziazio politikoen garaian Rodolfo Ares alderdikideak ez zekien non dagoen Nafarroako herri hori. PSE-EEko idazkari nagusi eta Jaurlaritzako lehendakariak PSNren festan hartu du parte gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu