Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusia iaz garaiotan -uztailaren 6an- Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria eta Olatz Dañobeitia ezker abertzalearen batzorde negoziatzaileko ordezkariekin bildu zen, Rodolfo Ares PSE-EEren kidearekin batera, eta gaur esan du berriro bilduko litzatekeela ezker abertzalearekin, "egoera iazko bera balitz". Orduan ETA su-etenean zegoela azpimarratu du Lopezek Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan -hiru hilabete eta erdi lehenago eman zuen ETAk su-eten iraunkorra-, "indarkeriaren bukaera lortzeko aukera historikoa" zegoela eta batzar hura egiteko Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionalaren epailearen baimena zutela. Gaur egun halako baldintzarik ez dagoela uste du.
Erakunde publikoen osaketari buruz, Araban ahaldun nagusia PSE-EEkoa izatea nahi dutela esan du Lopezek, ez dutela besterik pentsatzen. PPk irabazi zituen maiatzean Araban foru hauteskundeak, "baina harekin akordioa ia ezinezkoa" dagoela iritzi dio. "Prest" legoke EAJrekin, EArekin eta EB-Aralarrekin akordioa egiteko, "betiere ahaldun nagusia Txarli Prieto [PSE-EE] baldin bada". Maiatzeko hauteskundeetan "euskal gizartea oso plurala" dela frogatu dela uste du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sozialisten buruak, "eta horrek islatuta egon behar du erakundeetan".
EAEko Estatutu berriaren proposamena kritikatu du, "eta Jaurlaritzak gaia irailean berrrio mahaira atera nahi izana akatsa da, herritarren kezka nagusia ez delako hori. Herritarren benetako kezkak beste batzuk dira: etxebizitza arazoa, gero eta osasun zerbitzu okerragoa...". Hala ere, "denen kezka nagusia indarkeria" dela deritzo Lopezek.
Politika
Patxi Lopezek dio berriro bilduko litzatekeela ezker abertzalearekin, "egoera iazko bera balitz"
Joan zen urteko uztailean egindako bileran ETA su-etenean zegoela azpimarratu du PSE-EEren idazkari nagusiak, "indarkeriaren bukaera lortzeko aukera historikoa" zegoela eta batzarra egiteko Garzon epailearen baimena zutela. Araban "prest" dago hirukoarekin akordioa egiteko, "betiere ahaldun nagusia Prieto bada".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu