Hauteskunde kutsuko ekitaldi politikoa egin zuen atzo PSE-EEk, Gasteizen. Arabako alderdikideen aurrean mintzatu ziren Patxi Lopez, PSEko idazkari nagusi eta EAEko lehendakaria, etaTxarli Prieto, Arabako sozialisten burua. Jaurlaritzak azken hiru urte eta erdian erdietsitako «lorpenak» azaldu eta gero, «luzaro» gobernatzen jarraituko dutela esan zien lehendakariak bildutakoei. Lopezek azpimarratu zuen politika egiteko «beste era bat» badagoela erakutsi dutela Ajuria Enera iritsi zirenetik, eta hartutako konpromisoak bete egin dituztela: «Indarkeriari amaiera eman diogu; liskar identitarioak alboratu ditugu, eta zerbitzu sozialei eutsi diegu». Hala, ziurtzat jo zuen gizarteak saritu egingo duela Jaurlaritzak bultzatu duen «Euskadi eredua» eta, horregatik, PSEri babesa emango diola gobernatzen jarrai dezan.
Hauteskundeak aurreratzeko aukera ez zuen aipatu ere egin lehendakariak, baina Confebaskeko presidente Miguel Angel Lujuak herenegun egindako adierazpenei erantzun zien. Lopezen ustez, enpresaburuek bozak aurreratzeko eskatzen dutenean, «pribatizazioaren eta gutxien duenari zergak igotzearen alde» legokeen gobernu bat eskatzen ari dira.Ohartarazi zuen PSEk gobernatzen jarraitzen duen bitartean enpresaburuek ez dutela lortuko halako neurriak martxan jartzea.
Herenegun, Confebaskeko buruak ezinbestekotzat jo zuen «lehenbailehen gobernu sendo bat» izatea egoera ekonomiko larriari aurre egiteko, eta onartu zuen enpresariek ez dutela gogoko Patxi Lopezek gutxiengoan eta legebiltzarreko gehiengoaren babesik gabe gobernatzea. Adierazpen horiei gogor erantzun zien Prietok atzo, Confebaski EAJrekiko «konplizitate politikoa» izatea leporatuta: «Alternatiba politiko jakin baten defentsa egin nahi badute, argi eta garbi esan dezatela». Halaber, EAJren eta PPren jarrera kritikatu zuen: «Bozak aurreratzeko eskatu baino, hobe dute alferkerian egoteari utzi eta lanean hasi».
Lujuaren ñabardurak
Eusko Legebiltzarreko bozak aurreratzeko eskaeren aldeko ahotsak areagotu egin dira azken egunotan, areago enpresaburuen hitzen ostean. Sortutako zalaparta ikusirik, mezua leundu nahi izan zuen atzo Confebaskeko presidenteak, eta aurreko egunean esandakoari zenbait ñabardura egin zizkion. Argitu zuenez, Confebasek ez du eskatu bozak aurreratzea, hori galdegiteko eskumenik ez duelako, eta gobernu sendo bat eskatu duenean ez du egin hauteskunde ikuspuntu batetik. Nolanahi ere, Lujuak berretsi zuen ekonomiarentzat eta herriarentzat ezinbestekoa dela gobernu «sendo eta egonkor bat» izatea.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunarentzat, «kezkagarria» da enpresarien elkarteak hauteskundeak aurreratzekoeskatu izana, eta galdetu du ea horrekegungoa baino gobernu «sendoagoa» ekarriko lukeen. «Ezin dute bermatu bozak aurreratzearekin gobernu sendoago bat egongo denik». Gogorarazi duJuan Jose Ibarretxeren gobernua ere gutxiengoan egon zelabaina Confebaskek sekula ez ziola eskatu bozak aurreratzeko. Pastorrek azpimarratu du lehendakariak ez duela etsiko, batzuen eta besteen kritikak jasota ere, eta «herria aurrera ateratzen» saiatuko dela, sindikatu eta enpresaburuekin elkar hartuta.
Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidentearen irudiko, ordea, beste gobernu bat behar da. Haren esanetan, gero eta gehiagok esaten diete Patxi Lopezi eta PSEri gaur egungo egoeran ez dela komeni Jaurlaritza «ahul» batekin jarraitzea. «Legealdiaren azken txanpan sartuta gaudela, Euskadik ez du behar programarik eta proiektu ekonomikorik gabeko gobernu bat». Bestelako gobernu bat merezi du euskal gizarteak, Urkulluren irudiko: «Euskadik gobernu sendoa behar du, lau urte irauteko aurreikuspena izango duena, lan egiten jakingo duena, erakundeen arteko koordinazioa bermatu, eta bere altxortegiaren benetako egoeraz argi hitz egingo duena».
Xabier Agirre EAJren Araba Buru Batzarreko presidentearen ustetan, hauteskundeetara deitzea ez da PSE-EEren eta PPren arteko desadostasunen ondorio bat, «herriaren beharra» baizik. Haren iritziz, lehendakaria ez da ari gobernatzen, eta, gainera, ezdu gizartearen erronkei heltzeko asmorik: «Hauteskunde kanpaina egiten dabil han eta hemen, herri honek dituen lehentasunei heldu beharrean». ABBko presidenteak uste du «larrialdirako deia» egin dutela enpresaburuek. Hala, bai Confebaskek bai gainerako alderdiek bozen aurrerapena eskatuz egindako eskaria aintzat hartzeko eskatu diolehendakariari, eta «entzungor» egiteari uzteko.
EAEko PPren izenean, Iñaki Oiarzabal idazkari nagusiak hitz egin du hauteskundeez. Haren esanetan, euskal abertzaletasuna «erasoaldi gogorra» prestatzen ari da, eta liskar giroa sortu nahi du. EAJ eta Bildu proiektu beraren bi aurpegi direla esan du, eta ziur da hauteskundeen ostean ituna egingo dutela elkarrekin gobernatzeko. Oiarzabalek azpimarratu duenez, bi alderdi horiei «aurre egiteko» alderdi bakarra PP da, PSEk «amore eman duelako»: «Euskal sozialistak ia abertzaleak bilakatu dira, eta Ibarretxeren politiken kudeatzaile hutsak baino ez dira».
Patxi Lopezek dio PSE-EEk «luzaro» jarraituko duela gobernatzen
Confebaskek eta EAJk gobernu «sendoa» eskatu dute egungo egoera ekonomikoari aurre egin ahal izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu